Itxi

Reala

Lehen itzulia

Realak azken 20 urteotako lehen itzulirik onena egin du, 2002-03 denboraldian txapeldunordea izan zenetik

EITB MEDIA

Donostiako taldeak 39 puntu lortu ditu lehen itzulian, 12 partida irabazita eta hiru berdinketa izanda; soilik lau partida galdu ditu. 2022-03 Ligako lehen itzulia amaituta, Raynald Denoueix entrenatzailea zela, 43 puntu zituen Realak.

  • Realak Bernabeun puntu bikain bat lortuta amaitu du lehen itzulia. Argazkia: EFE.

    Realak Bernabeun puntu bikain bat lortuta amaitu du lehen itzulia. Argazkia: EFE.

Realak hirugarren postuan amaitu du 2022-23 Ligako lehen zatia, 39 punturekin. Donostiako taldeak azken 20 urteotako lehen itzulirik onena burutu du, 2002-03 denboraldian Ligako txapeldunordea izan zenetik; orduan, 43 puntu zituen, lehen 19 partidak jokatuta.

Oraingo 39 puntu horiek erdiesteko, txuri-urdinek 12 partida irabazi dituzte, eta hiru berdindu. Duela 20 urte, 2002-03 Ligan, Raynald Denoueixek zuzentzen zuen taldeak lau puntu gehiago zituen lehen itzulia amaituta, 43, orain arte 12 partida irabazita, eta zazpi berdinketarekin, partida bat ere ez galduta. Reala lider zebilen, eta bost puntu ateratzen zizkion bigarren postuan zegoen Real Madrili.

2012-13 denboraldian, Philippe Montanier entrenatzailearekin, Gipuzkoako taldeak laugarren postua lortu zuen Ligaren amaieran eta Txapeldunen Ligarako sailkatu zen, baina lehen itzulia bukatuta bederatzigarren tokian zegoen, 26 puntu batuta; 1997-98koan, Bernd Krauss entrenatzaile zegoela, Reala hirugarren tokian zegoen lehen itzulian, 35 punturekin, eta postu horretan bertan eman zion amaiera Ligari.

1980-81 eta 1981-82 denboraldietan, Realak, Alberto Ormaetxearekin, Liga irabazi zuen. Garai hartan, Lehen Mailan 18 talde zeuden, eta, beraz, lehen itzulia 17. Jardunaldian amaitzen zen, baina, Liga haietako lehen 19 partidak kontuan izanik, oraingo marka hobea da (kalkulua egiteko, kontuan izan dugu garaipenak, duela 42 eta 41 urte, bi puntu balio zuela, eta egungo egoerara ekarri dugu lortutakoa). 1987-88an, John Toshacken Reala bigarren zegoen, 39 punturekin, orain bezala, eta 1979-80 denboraldian, partidarik galdu gabe, Donostiako taldeak 39 puntu egin zituen Ligako lehen 19 jardunaldietan.

Testuinguru horretan, Imanol Alguacilekin, 2022-23an lau partida besterik ez ditu galdu Realak: Donostian Bartzelonaren aurka (1-4), Getafen (2-1), Valladoliden (1-0), eta etxean Betisen kontra (0-2). 19 partida jokatuta, Realak bost puntu ateratzen dizkio Atletico Madrili, eta zortzi Vila-reali eta Betisi (hurrenez hurren, laugarren, bosgarren eta seigarren postuetan dauden taldeak dira; Betisek partida bat gutxiago jokatu du). Goitik, Bartzelona eta Real Madril bakarrik ditu Realak; biek partida bat gutxiago jokatuta, 47 eta 42 puntu dituzte, Realak baino zortzi eta bost gehiago, hain zuzen ere.

Atzealdean oso sendo dabil Reala, eta, bereziki, horrek ekarri du orain arte izandako ibilbide bikaina. Bartzelonaren aurka jasotako lau golak alde batera utzita, gainerako 18 partidetan 14 gol baino ez ditu jaso Realak; gainera, 28 sartu ditu, hau da, soilik Bartzelonak eta Real Madrilek egin dituzte gehiago. Datu horiek guztiak kontuan izanik, oso zaila da Reala gainditzea.

Lesionatutako jokalari asko, baina puntuak etengabe lortu ditu

Realeko hainbat eta hainbat jokalarik izan dute lesioren bat denboraldiko lehen zati honetan, baina, hala eta guztiz ere, Imanolen taldeak ez dio utzi puntuak batzeari. Mikel Oyarzabal kapitaina abenduaren 31n bueltatu zen berdegunera; Sadiq Umar aurrelariari lotailu gurutzatua apurtu zitzaion bosgarren jardunaldian, Atletico Madrilen aurka gola sartuz debuta egin ostean, eta Mohamed-Ali Chok, Carlos Fernandezek eta Ander Barrenetxeak oso gutxi jokatu ahal izan dute. Aurreikuspena da jokalari horiek, txapelketako bigarren zatian, partida gehiagotan izatea zelairatzeko aukera.

Zelai erdia ezin hobeto ibili da; izan ere, Zubimendik, Merinok, Braisek eta Silvak osatzen duten erronboak asko eman dio Realari. Aurrealdean, Alexander Sorlothek zortzi gol sartu ditu; Sadiq Umar ordezkatzeko bueltatu zela zirudien, baina maila ederra ari da erakusten titular gisa.

Realak, bigarren itzulian lehenengoan izandako emaitzak errepikatuz gero, aukera oso handiak ditu Txapeldunen Ligara itzultzeko, hamar urteren bueltan.