Itxi

Reala

F Liga

Reala-Alaves euskal derbia, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB1en

EITB Media

Igandean, martxoaren 19an, F Ligako 22. jardunaldiko euskal derbia eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 12:00etan.

  • Alaves - Reala

    Sanchez Auñon (Alaves) eta Franssi (Reala) lehen itzuliko euskal derbian. Argazkia: EFE

Realak eta Alavesek euskal derbia jokatuko dute igandean, martxoaren 19an, eta F Ligako 22. jardunaldiko Zubietako partida zuzenean eskainiko dute eitb.eus webguneak eta ETB1ek, 12:00etan.

Donostiako taldea sailkapeneko zazpigarren postuan dago 27 punturekin; Gasteizkoa, aldiz, azken-aurreko postuan 16 punturekin. Hala, bada, helburu ezberdinekin ekingo diote lehiari biek ala biek.

Bolada txarrari amaiera eman ezinda dabil Reala. Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak bost partida jarraian daramatza irabazi gabe: galdu egin zuen Real Madrilen, Sevillaren eta Atletico Madrilen kontra, eta berdindu Madril CFF eta Betis taldeekin. Hortaz, garaipena lortzeko gogoekin daude txuri-urdinak.

Bestalde, Alaves aurreko jardunaldian Sporting Huelvari irabaztetik dator, eta hiru puntu horiek salbaziotik puntu bakarrera kokatu dute. Arabako taldeak puntu batera du Betis eta bi puntura Sporting Huelva. Azken horren aurka garaipena lortu aurretik zazpi neurketa jarraian galdu zituen Alavesek, baina egia da sailkapenaren goialdean dauden aurkarien kontra lehiatu zela; besteak beste, Real Madril, Bartzelona, Levante eta Madril CFF taldeen kontra jokatu zuen. Hala ere, Iñigo Juaristiren zuzendaritzapean taldea hobeto jokatzen hasi da, eta baditu esperantzarako arrazoiak.

Bataren eta bestearen egoera desberdina den arren, bi taldeek behar dituzte hiru puntuak; beraz, asko egongo da jokoan igande honetako euskal derbian.