Itxi

Reala

Camp Nou zelaian

Realak garaipen historikoa lortu du Bartzelonan, Ligako txapeldunaren etxean (1-2)

Agentziak | EITB Media

Mikel Merinok eta Sorlothek egindako golek 0 eta 2 jarri dituzte donostiarrak aurretik markagailuan. Bartzelonaren gol bakarra Lewandowskik egin du 90. minutuan.

  • Realeko jokalariak, goletako bat ospatzen

    Realeko jokalariak, goletako bat ospatzen. Argazkia: Efe.

Realak garaipen historikoa lortu du Camp Nou zelaian, 32 urte pasa baitira txuri-urdinak bertan azkenengoz gailendu zirenetik. Mikel Merinok, lehen zatian, eta Sorlothek, bigarrenean, egindako golek 0-2 jarri dituzte donostiarrak aurretik. Kataluniarren gol bakarra Lewandowskik egin du, denbora beteta.

Bartzelona-Reala partidaren laburpena

Donostiarrek 5. minutuan bideratu dute garaipena. Sorlothek baloia lapurtu dio Kounderi, pasea Merinori eman dio eta honek Ter Stegenen atean sartu du baloia. Donostiarrak egindako lehen zati bikainaren atarikoa izan da. Bi taldeak ausart aritu dira, golaren bila.

Txapeldunaren etxean jokatzeari beldurrik ez diola argi utzi dute txuri-urdinek. Bigarren golaren bila joan dira, eta aldea handitzeko aukerak izan dituzte, baina Ter Stegen oso ziur aritu da atean.

Bigarren zatian, gauzak ez dira aldatu, eta donostiarrek gol aukera argiak izan dituzte, batez ere Sorlothen bidez. Aurrelari txuri-urdina bigarrena sartzeko zorian izan da, area txikitik buruz egindako erremate batean, baina baloia kanpora joan zaio.

Hala ere, hirugarrenean ez du barkatu. Zubimendik zelai erdian berreskuratu du baloia, Sorlothi pasa dio, eta norvegiarrak bigarren gola egin du.

Txapeldunaren gol bakarra Lewandowskik egin du, 90. minutuan. Bartzelonak aurtengo denboraldian bere etxean jaso duen lehen porrota izan da.

Garaipen honi esker, Reala sendo dago sailkapeneko laugarren postuan, eta bost puntura du bosgarren sailkatua, Vila-real.

Fitxa teknikoa

1 - Bartzelona: Ter Stegen; Balde, Kounde (Marcos Alonso, 46. min), Christensen, Jordi Alba; Sergio Busquets (Eric García, 84. min), Frenkie de Jong, Kessie (Ansu, 63. min); Dembele (Torre, 86. min), Lewandowski eta Raphinha (Ferran, 63. min).

2 - Reala: Remiro; Elustondo, Zubeldia (Pacheco, 81. min), Le Normand, Rico; Cho (Kubo, 58. min), Zubimendi, Merino, Illarramendi (Gorosabel 58. min); Sorloth (Carlos Fernandez, 81. min) eta Barrenetxea (Marin, 73. min).

Golak: 0-1, 5. min: Merino. 0-2, 71. min: Sörloth. 1-2, 90. min: Lewandowski.

Epailea: Javier Alberola Rojas (Gaztela-Mantxako batzordekoa). Txartel horia atera die Realeko Zubeldia, Illarramendi, Take Kubo eta Carlos Fernández jokalariei; eta Bartzelonako Busquets, Marcos Alonso eta De Jong jokalariei.