Txapeldunen Liga
0-2 irabazi dio Interri
Atletico Madril, Europako Superkopako txapeldun
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Jose Antonio Reyesek 62. minutuan eta Kun Aguerok 83.ean sartutako golek eman diote titulua UEFA Europa Leagueko txapeldunari.
Atletico Madrilek irabazi du Europako Superkopa Minakon jokatu den finalean Internazionale Milan taldeari 0-2 irabazita.
Partida hasi eta lasterrean eduki du Interrek markagailuan aurrea hartzeko aukera, baina Sneijderren errematea langa urratuz kanpora joan da. Ondorengo minutuetan Inter izan da nagusi, baina Atletico Madril ondo ibili da defentsa lerroan. 28. minutuan Samuelek italiarren lehen gola sar zezakeen, baina bere burukada gutxigatik kanpora joan da. Atletico Madril lehen zatiko azken minutuetan esnatu da eta 42. minutuan Kun Aguerok gol aukera izan zuen, baina ez zitzaion jaurtiketa ondo atera. Ondorioz, 0-0eko emaitzarekin bukatu ziren lehen 45 minutuak.
Bigarren zatian Atletico Madril jaun eta jabe izan zen. Inter ez zen baloia ondo mugitzeko gai izan eta espainiarrek hori aprobetxatu zuten italiarrei min egiteko. Horrela, 62. minutuan Jose Antonio Reyesek 0-1ekoa sartu zuen Atletico Madrilentzat. Merezitako gola. Gola sartu ondoren ere Atletico Madril zen nagusi zelaian eta 83. minutuan Kun Aguerok partida erabakita utzi zuen 0-2koa sartuta.
Interrek ez zuen ia gol aukerarik sortu bigarren zati osoan, baina 88. minutuan epaileak penaltia adierazi zuen Milangoen alde. Diego Militok jauti zuen eta De Geak erantzun bikaina eman gola eragotziz.
Azkenean, Atletico Madrilek 0-2 irabazi zion Interri eta Europako Superkopako txapeldunak dira madrildarrak.
Fitxa teknikoa:
0 – Internazionale Milan: Julio Cesar; Maicon, Lucio, Samuel, Chivu; Zanetti, Cambiasso; Stankovic (Pandev, 66. min), Sneijder (Coutinho, 77. min), Eto''o; eta Milito.
2 - Atletico Madril: De Gea; Ujfalusi, Perea, Godín, Domínguez; Reyes (Fran Merida, 67. min), Assuncao, Raúl García, Simao (Camacho, 90. min); Forlan (Jurado, 82. min) eta Kun Aguero.
Golak: 0-1, 62. min: Reyes. 0-2, 83. min: Aguero.
Epailea: Massimo Busacca (Suitza).