Itxi

Txapeldunen Liga

ITZULIKO PARTIDAK

Unitedek ezustekoa eman du Parisen (1-3) eta Portok Erroma kanporatu du (3-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ingelesek joaneko partidako 0-2koa irauli dute eta final-laurdenetan izango dira. Portugaldarrek luzapenera jo behar izan dute erromatarrak kanporatzeko.

  • Unitedek PSG kanporatu du

    Unitedek PSG kanporatu du. Argazkia: EFE

Manchester United taldeak Txapeldunen Ligako balentriarik distiratsuenetakoa gauzatu du asteazken honetan, Paris Saint-Germainen aurka oso maldan gora zeukan kanporaketa etxetik kanpo irauli eta gero (1-3).

Guztia zegoen paristarren alde, joaneko partidan Old Trafford zelaian lortu zuten 0-2koagatik. Alabaina, partidaren bigarren minutua heldu orduko Lukakuk aurretik jarri du United, eta urduritasuna eragin du bai Printzeen Parkeko harmailetan, bai Thomas Tuchelen taldearengan.

Dena den, une zailetik ateratzeko gai izan dira paristarrak 10 minutu geroago. Mbappek jokaldi ikusgarria egin du, eta bere erdiraketa sareetara eraman du ezkerretik bakar-bakarrik sartu den Juan Bernatek (1-1).

Manchesterrek ez zeukan ezer galtzekorik eta erasoan jarraitu du. Hala, 30. minutuan, Solskjaerren mutilen ahaleginek bigarren saria jaso dute. Buffonek ez du ondo harrapatu Rashfordek area kanpotik egindako jaurtiketa indartsua, eta atezain italiarraren aldaratzea Lukakuk aprobetxatu du gola egiteko (1-2).

Markagailu horrek kanporaketa gainditzeko gol bakarrera utzi du bajaz josita zegoen United; izan ere, ezin izan dute neurketan parte hartu Paul Pogba, Ander Herrera, Juan Mata, Anthony Martial, Jesse Lingard, Nemanja Matic, Phil Jones, Alexis Sanchez, Antonio Valencia eta Matteo Darmian jokalariek.

Bigarren zati osoan, frantziarrak norgehiagoka berdintzen saiatu dira eta "deabru gorriak" hirugarrena lortzen, baina antzu. Beraz, minutuek aurrera egin dute markagailuan aldaketarik izan gabe.

Aitzitik, PSGk kanporaketa gaindituko zuela zirudienean, partidako jokaldirik eztabaidagarriena iritsi da. Dalotek area ertzetik jo du baloia, eta bere saiakerak area barruan zegoen Kimpemberen ukondoan jo du. VARak gertaeraren berri eman dio arbitroari, eta ia hiru minutu deliberatzen eman ostean, penaltia adierazi du. Rashfordek hartu du jaurtitzeko ardura eta ez du hutsik egin. Hortxe amaitu da kanporaketa.

Fitxa teknikoa:

1- Paris Saint-Germain: Buffon, Kehrer (Paredes, 70. min), Tiago Silva, Kimpembe, Bernat, Marquinhos, Verratti, Dani Alves (Cavani, 95. min), Draxler (Meunier, min. 70. min), Di Maria eta Mbappé.

3- Manchester United: De Gea, Young (Greenwood, 87. min), Lindelöf, Smalling, Bailly (Dalot, 36. min), Shaw, Fred, McTominay, Pereira (Chong, 80. min), Lukaku eta Rashford.

Golak: 0-1, 2. min: Lukaku; 1-1, 12. min: Bernat; 1-2, 30. min: Lukaku; 1-3, 94. min: Rashford (penaltiz).

Epailea: Damir Skomina (Eslovenia). TXartel horiak: Di Maria y Paredes (PSG); Shaw (Manchester).

 

 

Porto ere final-laurdenetan egongo da

Portoko jokalariak hiru goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Jardunaldiko beste lehian, Portok Erroma gainditu du (3-1) luzapenean, Alex Tellesek penaltiz sartutako gol bat dela medio (joanekoan 2-1 irabazi zuten italiarrek).

Tiquinho Soares brasildarra izan da neurketako lehen golegilea etxekoen alde (26. minutua), baina Daniele de Rossik berdindu egin du partida 11 minutu geroago.

Bigarren zatira arte itxaron behar izan dute etxekoek Marega maliarrak kanporaketa orekatu duen gola ikus zezaten (53. minutua). Horrenbestez, 2-1ekoarekin amaitu da arauzko denbora.

Luzapenean etxekoek penalti bidez egin dute 3-1ekoa, epaileak VARaren bitartekaritzaz adierazi duena, hain zuzen ere. Arbitroak telebistako errepikapenak erabili ditu Alessandro Florenzik area barruan aurkari bati elastikotik heldu izana zigortzeko modukoa zela erabakitzeko. Tellesek ez du barkatu, eta Portok aurrera egin du txapelketan.

Fitxa teknikoa:

3- Porto: Casillas, Militão (Maxi Pereira, 104. min), Felipe, Pepe, Telles, Corona (Brahimi, 66. min), Danilo, Herrera, Otávio (Hernâni, 94. min), Soares (Fernando Andrade, 78. min) eta Marega.

1- Erroma: Olsen, Karsdorp (Florenzi, 56. min), Manolas, Juan Jesus, Marcano (Cristante, 76. min), Kolarov, De Rossi (Pellegrini, 45+4. min; Schick, 96. min), Nzonzi, Zaniolo, Perotti eta Dzeko.

Golak: 1-0, 26. min: Soares. 1-1, 36. min: De Rossi (penaltiz). 2-1, 53. min: Marega. 3-1, 117. min: Telles (penaltiz).

Epailea: Cüneyt Çakir (Turkia). Txartel horiak: Hector Herrera, Danilo Pereira, Pepe eta Telles (Porto); Zaniolo, Karsdorp, Dzeko, Pellegrini eta Florenzi (Erroma).