Txapeldunen Liga
TXAPELDUNEN LIGA
Real Madril - PSG eta Juventus - Atletico, gaurko partida nagusiak
Erredakzioa
Galatasaray - Brujas eta Lokomotiv - Bayer Leverkusen partidekin hasiko da 5. jardunaldia, 18:55ean. Beste neurketa guztiak 21:00etan izango dira.
-
Karim Benzema, Real Madrileko jokalaria. Argazkia: EFE
Txapeldunen Ligako multzoen faseko bosgarren jardunaldia hasiko da gaur, Lokomotiv Mosku - Bayer Leverkusen eta Galatasaray - Brujas neurketekin, 18:55ean, eta 21:00etan jokatuko dira gainerako norgehiagokak.
Jardunaldiko partida handienetako bat Santiago Bernabeun jokatuko dute Real Madril eta PSG taldeek. PSG A multzoko liderra da, 12 punturekin, eta Real Madril bigarren sailkatuta dago, 7 punturekin. Parisko taldeak lehen postua ziurtatuko luke puntu bat lortuz gero, eta talde espainiarrak garaipena behar du lehen postua eskuratzeko aukera izaten jarraitzeko. Multzoko beste partida Galatasaray (laugarren postuan dago, puntu batekin) eta Brujas (hirugarren, 2 punturekin) taldeen artekoa izango da. Austriarrek garaipena behar dute, eta Real Madrilek ez irabaztea, final-zortzirenetara sailkatzeko aukera izateko.
Astearte honetako beste neurketa azpimarragarri bat Juventusek eta Atletico Madrilek jokatuko dute Turinen. Juventus D multzoko liderra da, 10 punturekin, eta Atletico Madril bigarrena, 7 punturekin. Hiruna puntu dituzten Lokomotiv Mosku eta Bayer Leverkusen ariko dira nor baino nor gehiago multzo honetako beste norgehiagokan.
B multzoan, Bayern Munichek (liderra, 12 punturekin) Izar Gorriaren kontra (hirugarren, 3 punturekin) jokatuko du Belgraden. Talde alemaniarrak nahikoa du puntu bat eskuratzea, sailkapena lortzeko. Bestalde, Tottenhamek (bigarren, 7 punturekin) Olympiakos (laugarren, puntu bakarrarekin) izango du aurkari. Mourinhok hartu du Londresko taldea zuzentzeko ardura, eta garaipenak final-zortzireneterako txartela emango lioke.
Bosgarren jardunaldi honetan, Manchester City (liderra, 12 punturekin) Shakhtar Donetsken (hirugarren, 5 punturekin) aurka ariko da, sailkapena eta C multzoko lehen postua ziurtatuta uzteko. Ukrainako taldeak, aldiz, ezustekoa eman eta sailkapena bermatzen duen bigarren postua eskuratu nahi du. Atalanta (laugarren, puntu batekin) eta Dinamo Zagreb (hirugarren, 5 punturekin) elkarren kontra ariko dira multzo honetako beste partidan.