Itxi

2021/09/28

23:32

Txapeldunen Liga

2. jardunaldia

PSG nagusitu da Manchester Cityren aurkako lehian; Sheriffek ezustekoa eman du Real Madrili irabazita

A. B. E. | EITB Media

Paris Saint-Germainek 2-0eko emaitzarekin lortu du garaipena Cityren kontra. Sheriffek irabazi egin du Santiago Bernabeun (1-2). Atletico Madrilek hiru puntuak eskuratu ditu Milanen aurka (1-2), emaitza iraulita eta azken gola luzapenean sartuta.

  • Messi eta Neymar

    Messi eta Neymar, argentinarrak Manchester Cityri sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Txapeldunen Ligako multzoen faseko bigarren jardunaldiak partida handiak eta ezustekoak utzi ditu. A, B, C eta D multzoetan dauden taldeen txanda izan da oraingoan.

Jardunaldiko neurketa handia Parisen jokatu dute Paris Saint-Germain eta Manchester City taldeek, eta PSG nagusitu da, 2-0. Gueyek sartu du lehen gola, 8. minutuan, eta Messik biribildu du garaipena, 74. minutuan. Ondorioz, PSG da A multzoko liderra orain, 4 punturekin, Brujasekin berdinduta, belgikarrek mendean hartu baitute Leipzig (1-2). City hirugarren dago, 3 punturekin, eta Leipzig dago laugarren, oraindik punturik lortu gabe.

Eguneko ezustekoa, aldiz, Sheriffek eman du Santiago Bernabeun Real Madrili irabazita (1-2). Abagune gehiago izan ditu eta askoz hobeto jokatu du Real Madrilek, baina talde bisitariak sare barrura bidali ditu izan dituen hiru aukeretako bi. Yakhshiboevek sartu du lehen gola, 25. minutuan; Benzemak parekatu du markagailua, penaltiz, 65. minutuan, eta Sebastien Thillek gol ikusgarria sartu du bere taldeari garaipena emateko, 89.ean. Athanasiadis atezainak hainbat gelditu egin ditu, eta partidako izarra izan da. D multzoan, Sheriff da liderra, 6 punturekin, eta Real Madril da bigarren, 3 punturekin. Shakhtar Donetskek eta Inter Milanek golik gabe berdindu dute (0-0). Italiarrek eta ukrainarrek puntu bakarra dute.

Norgehiagoka handiak ikusi ahal izan dira B multzoan ere. Liverpoolek Porto jipoitu du (1-5), eta Ingalaterrako taldea dago sailkapeneko lidergoan, 6 punturekin. Atletico Madrilek asko sufritu du Milan mendean hartzeko (1-2). Milan irabazten hasi da, Rafael Leaok 20. minutuan sartu duen golari esker. Hala ere, Italiako taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu da 29. minutuan, Kessiek txartel gorria ikusi baitu. Azken txanpan lortu du garaipena Atleticok, Griezmannek 84. minutuan eta Suarezek penaltiz 96.ean sartu dituzten golekin. Atletico sailkapeneko bigarren postuan dago, 4 punturekin, Liverpoolen atzetik (6 puntu); Portok (hirugarren) puntu bakarra du, eta Milan dago azken postuan, punturik gabe.

C multzoan, aldiz, Ajaxek eta Borussia Dortmundek ez dute huts egin. Herbehereetako taldeak garaipena lortu du Besiktasen aurka (2-0), eta Alemaniakoak mendean hartu du Sporting Portugal (1-0). Sailkapenean, Ajaxek eta Dortmundek seina puntu dituzte, eta Besiktasek eta Sportingek ez dute punturik lortu oraindik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;