Itxi

Txapeldunen Liga

6. jardunaldia

Real Madrilek multzoko lidergoa eskuratu du eta Atletico Madril final-zortzirenetara sailkatu da

A. B. E. | EITB Media

Inter hartu du mendean Real Madrilek (0-2). Atleticok irabazi egin du Portoren aurka (1-3) eta Liverpoolek Milanen kontra garaipena lortu duenez, koltxoneroek aurrera egin dute Txapeldunen Ligan.

  • Real Madril

    Real Madrileko jokalariak Asensiok Interri sartu dion gola ospatzen. Argazkia. EFE

Astearte honetan jokatu dira Txapeldunen Ligako seigarren jardunaldiko A, B, C eta D multzoetako partidak. Real Madrilek aurrera egin du D multzoko lider moduan eta Atletico Madrilek final-zortzirenetara sailkatzea lortu du.

B multzoko azken postuan ekin dio jardunaldiari Atletico Madrilek, baina garaipena lortu du Portoren aurka (1-3) eta aurrera egin du multzoko bigarren sailkatu moduan. Lehen postua bermatuta zeukan Liverpoolek irabazi egin dio Milani (1-2), eta hori mesedegarri izan da Madrilgo taldearentzat. Liverpoolek amaitu du lehen postuan 18 punturekin eta neurketa guztiak irabazita, Atletico Madril izan da bigarren 7 punturekin, Portok (5 puntu) Europa Liga jokatuko du hirugarren izan baita, eta Milan (4 puntu) kanporatuta geratu da.

Real Madrilek D multzoko lidergoa izan du jokoan Interren aurka eta irabazi egin du (2-0). Ondorioz, 15 punturekin multzoko lider moduan egongo da final-zortzirenetako zozketan; Inter, aldiz, bigarren izan da 10 punturekin. Europa Liga jokatzea ziurtatuta zuen Sheriffek (7 puntu) berdindu egin du (1-1) kanporatuta zegoen Shakhtarren (2 puntu) kontra.

A multzoan, Manchester Cityk galdu egin du Leipzigen aurka (2-1) eta PSGk mendean hartu du Brujas (4-1). Manchester City izan da multzoko liderra 12 punturekin, PSGk bigarren amaitu du 11 punturekin, Leipzigek (7 puntu) Europa Ligarako txartela eskuratu du multzoen fasea hirugarren postuan bukatuta, eta Brujas (4 puntu) kanporatuta geratu da. 

Dena erabakita zegoen C multzoan. Hala ere, lidergoa bermatuta zuen Ajaxek (18 puntu) partida guztiak irabazita amaitu du multzoen fasea, bigarren postua ziurtatuta zuen Sporting Lisboa (9 puntu) mendean hartuta, 4-2ko emaitzarekin. Europa Liga jokatuko duen Borussia Dortmundek (hirugarren, 9 puntu) aise irabazi dio (5-0) kanporatuta eta punturik lortu gabe amaitu duen Besiktasi.