Itxi

Txapeldunen Liga

TXAPELDUNEN LIGA

Inter, Liverpool, Salzburgo eta Bayern, kanporaketak bideratzeko helburuarekin

ETIB MEDIA

Asteazken honetan, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako bi partida jokatuko dira: Inter Milan – Liverpool eta Salzburgo – Bayern Munich.

  • Inter Milanen entrenamendua.

    Inter Milanen entrenamendua. Argazkia: EFE

Otsailaren 16an Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko bi partida jokatuko dira. Inter Milan eta Liverpool San Siron arituko dira, 21:00etan, eta Salzburgo eta Bayern Munich Austrian, Red Bull Arenan, ordu berean.

Inter Milan eta Liverpool lau aldiz aritu dira elkarren aurka txapelketa honetan; horietako hirutan, ingelesek lortu zuten garaipena, eta behin bakarrik izan dira garaile italiarrak. Kloppek zuzentzen duen taldeak nahiko lan izan du orain arte erakutsi duen mailari eusten.

Interrek jokalari garrantzitsuen falta izango du joaneko partidan. Nicolo Barellaktxartel gorria ikusi zuen Real Madrilen aurkako neurketan, Eder Militao brasildarra jotzeagatik. Joaquin 'Tucu' Correa, Matias Vecino eta Robin Gosens sendatzeko bidean daude oraindik. Alessandro Bastoniren parte-hartzea zalantzan dago, Kopako partidan zaintiratua izan ostean.

Liverpoolek bost garaipen jarraian lortu ditu; gainera, Afrika Kopa jokatu duten Sadio Mane eta Mohamed Salah berreskuratu ditu. Hori dela eta, aukera gutxiago ditu Luis Diazek. Diogo Jotak ere ez du jokatuko, giharretako lesioa baitu.

Bayern Munichek Red Bull Salzburgoren zelaia bisitatuko du. Alemaniako taldea titulua irabazteko faboritoetako bat da, baina indartsu datoz austriarrak, lehen aldiz multzoen fasea gainditu ostean.

Bayern taldean, Manuel Neuerrek ez du jokatuko, belauneko ebakuntza egin ziotelako, Alphonso Daviesek ez du oraindik covid-19ak utzitako ondorioak gainditu, eta Leon Goretzkak arazoak ditu belaunean. Hala ere, Robert Lewandowski jokatzeko prest dago.

Matthias Jaissle buru duen Salzburgo bigarren izan zen multzoen fasean, OSC Lilleren atzetik. Sadio Maneren eta Erling Haalanden ostean, badirudi Karim Adeyemi izango dela etorkizuneko beste izarretako bat. Adeyemik hiru gol lortu ditu Txapeldunen Ligan, eta Noah Okafor suitzarrarekin batera, Salzburgoko aurrelaririk onena da lehiaketa honetan.