Txapeldunen Liga
Larunbatean, 20:45ean
Bayern eta Chelsea, Europako koroaren bila
Erredakzioa
Txapeldunen Ligako finalean nor baino nor gehiago arituko dira Alemaniako taldea eta Londreseko taldea. Jarraitu finala larunbatean zuzenean ETB1-en eta eitb.com-en 20:45etik aurrera.
Bayernek eta Chelseak, bihar 20:45ean jokatuko dute 2011-2012ko Txapeldunen Ligako final handia. Bi taldeek ezin izan dituzte euren ligetan helburuak lortu eta Txapeldunen Ligako titulua lortzea ezinbestekoa bilakatu da.
Municheko taldeak denboraldi partida garrantzitsuena jokatuko du Bundesligan eta Alemaniako Kopan txapeldunorde gelditu ostean. Heynckesen taldearentzat denboraldia arrakastatsua edo kaskarra izatea, Allianz Arenako finalak erabakiko du.
Chelseak bere historiako Txapeldunen Ligako bigarren finala jokatuko du. Londreseko taldeak Premier Ligan seigarren postua bukatu du, baina Liverpoolen aurka Ingalaterrako Kopa (FA Cup) lortu zuen. Roman Abramovichen taldeko beteranoek Europako titulu bat irabazteko azkeneko aukera izan dezakete.
Jupp Heynckesek defentsan aldaketa ugari egin beharko ditu Holger Badstuber, David Alaba eta Luiz Gustavo zigortuta baitaude. Badirudi Tymoshchuk, Contento eta Muller izango direla zigortuen ordezkoak hasierako hamaikakoan.
Di Matteok ere lau jokalari garrantzitsu galdu ditu finalerako. John Terry, Branislav Ivanovic, Raul Meireles eta Ramires zigortuta daude eta David Luiz eta Gary Cahill zentralak lesioak gaindituta aste honetan bueltatu dira entrenamenduetara.
- Ustezko hamaikakoak:
Bayern: Neuer; Lahm, Tymoshchuk, Boateng, Contento; Kroos, Schweinsteiger; Robben, Muller, Ribery; Gomez.
Chelsea: Cech; Bosingwa, David Luiz, Cahill, Cole; Mikel, Essien, Lampard; Kalou, Mata, Drogba.