Txapeldunen Liga
Asteazkeneko neurketak
Real Madrilek eta Malagak aurrerapausoa emateko aukera ona dute
Erredakzioa
Mourinhoren gizonek Ajaxen aurka jokatuko dute aurreneko jardunaldian Manchester City gainditu ostean, eta Andaluziako taldeak Anderlecht izango du aurkari.
-
Cristiano Ronaldo eta Kaka. Argazkia: EFE
Txapeldunen Ligako multzoetako faseko bigarren jardunaldian, asteazkeneko neurketetan, Real Madrilek, PSGk, Arsenalek, Milanek, Malagak edo Manchester Cityk aurrerapausoa emateko abagune bikaina izango dute.
A multzoan, PSGk eta Portok garaipen garrantzitsuak lortu zituzten aurreneko jardunaldian, baina asteazkenean elkarren aurka arituko dira, lidergoa lortzeko helburuarekin. Beste norgehiagokan Dinamo Zagrebek Dinamo Kyiv izango du aurkari. Bi taldeek txapelketako aurreneko puntuak bilatuko ditzute.
Arsenalek eta Schalke 04 taldeak B multzoko lidergoan jarraitzeko asmoa dute, baina horretarako Wengerren mutilek Olimpiakos gainditu beharko dute. Alemaniako taldeak Montpellierren aurka jokatuko du, Gelsenkirchenen.
C multzoan, Malaga hiru puntuak berriro lortzen saiatuko da. Pellegriniren mutilak multzoko liderrak dira, eta Anderlecht talde belgikarraren aurka jokatuko dute etxetik kanpora. Gainera, Zenitek Milan hartuko du, San Petersburgon. Italiako taldeak, lehenengo jardunaldian puntu bakarra lortu ostean, garaipena nola edo hala bilatuko du.
Real Madrilek Ajax izango du aurkari, eta Manchester Cityk Borussia Dortmunden aurka jokatuko du D multzoko bigarren jardunaldian. Jose Mourinhoren mutilek, printzipioz, multzoko talde xumeenaren aurka jokatuko dute, eta hiru puntuak lortzeko abagune ederra izango dute. Manchester Cityk txapelketako aurreneko puntuak bilatuko ditu, Borussia Dortmund talde indartsuaren aurka.