Txapeldunen Liga
Asteazkeneko neurketak
Chelseak miraria behar du titulua defendatzen jarraitzeko
Erredakzioa
Bartzelonak G multzoko lidergoa ziurtatuta du, eta Valentzia multzoko aurreneko postua lortzen saiatuko da, final-zortzirenetarako txartela eskuan izan arren.
-
Chelsea. Argazkia: EFE
Chelseak miraria beharko du Txapeldunen Ligako titulua defendatzeko. Rafa Benitezen taldeak Nordsjaellanden aurka jokatuko dum eta garaipena bai ala bai eskuratu beharko dute. Hala ere, Londreseko taldeak multzoko beste neurketari begira egon beharko du Shakthar Donetskek eta Juventusek ere hil edo biziko partida jokatuko baitute. Italiako taldeak final-zortzirenetara sailkatzeko puntu bakarra behar du, eta Ukrainako taldea E multzoko aurreneko postua ziurtatzera joango da.
F multzoan, Valentziak eta Bayern Munichek lehenengo postua nahi dute. Ernesto Valverderen mutilek Lille etxetik kanpora gainditu beharko dute, eta Heynckesen taldeak Munichen BATE Borisovi irabazi beharko dio.
Bartzelonak ziurtatuta du G multzoko lehen postua. Hala ere, Camp Nou estadioan Benficak hil edo biziko neurketa jokatuko du final-zortzirenetako txartela jokoan izango baitu. Celticek ere garaipena lortu beharko du Spartak Moskvaren aurka, hurrengo faserako sailkatzea lortzeko.
Manchester Unitedek H multzoko lidergoari eutsiko dio, baina Clujek eta Galatasarayek bigarren postua izango dute jokoan. Bi taldeak berdinduta daude 7 punturekin, eta ezin dute hutsik egin. Turkiako taldeak Bragaren aurka jokatuko du etxetik kanpora, eta Errumaniako taldeak Manchester Uniteden aurka Old Trafforden.