Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak berebiziko garrantzia duen norgehiagoka jokatuko du Makabiren aurka

Agentziak | Erredakzioa

Sailkapenean berdinduta, final-laurdenetan izateko aurkari zuzenak dira bi taldeak. Baskonian, Luca Vildozak gaurko partida jokatu ahal izatea espero da.

  • Kirolbet Baskonia VS Maccab

    Kirolbet Baskonia VS Maccab

Kirolbet Baskoniak Makabi Tel Aviv hartuko du gaur (20:45) Buesa Arenan, Euroligako 21. jardunaldian. Berebiziko garrantzia duen lehia izango da, israeldarrak gasteiztarren aurkari zuzenak baitira une honetan sailkapenean.

Fase erregularra amaitzeko heren bat falta denean, Armani Milan, Baskonia eta Makabi berdinduta daude sailkapenean, 9 norgehiagoka irabazita eta 11 galduta. Hartara, itxura guztien arabera, final-laurdenetan egoteko borrokan egongo dira hiru taldeak azken jardunaldira arte.

Horrenbestez, ostegun honetan Gasteizen jokatuko den norgehiagokak balio bikoitza izan dezake.

Makabi modako taldea da txapelketan, eta hura da "sasoirik onenean dagoen Euroligako taldea", Velimir Perasovic Baskoniako entrenatzailearen aburuz.

Denboraldiari oso txarto ekin bazion ere (1-8), Israelgoak suspertu egin dira Ioannis Sfairopoulos entrenatzaile berriaren eskutik. Gainera, azken lau neurketak irabazita helduko dira Gasteizera. Besteak beste, Moskuko CSKA (+17) eta Bartzelona (+16) hartu dituzte mendean, alde handiarekin.

Alex Tyus eskarmentu handiko jokalariak, Euroligako urtarrileko jokalari baloratuenak, gidatu du Makabiren susperraldia, eta Scottie Wilbekin da saskiratzaile nagusia. Taldeak Jeremy Pargo jokalaria osatuta du, baina Deandre Kane Bartzelonaren aurkako partidan lesionatu zen, eta, beraz, ez du Arabako taldearen aurka jokatuko.

Bestalde, Baskoniak baja asko ditu (Shengelia, Garino, Granger eta Sedekerskis), eta Luca Vildozak bihurritua egin zuen; hala ere, gaurko partida jokatu ahal izatea espero dute.

Darussafakaren aurkako porrota (80-75) ahaztu eta joaneko partidan Makabiren aurka lortu zuten garaipena errepikatzea izango da taldearen helburua.

Fitxa teknikoa

Kirolbet Baskonia: Marcelinho, Janning, Shields, Voigtmann eta Poirier (ustezko boskotea); Hilliard, Vildoza, Diop, Jones, Penava, Gonzalez eta Kurucs.

Maccabi FOX Tel Aviv: Wilbekin, Pargo, Caloiaro, O'Bryant eta Black (ustezko boskotea); Tyus, Ray, Roll, Dibartolomeo, Cohen eta Zoosman.

Epaileak: Lamonica, Belosevic eta Koljensic.

Pabiloia: Fernando Buesa Arena.

Ordua: 20:45.