Baskonia
13. JARDUNALDIKO ATARIKOA
Baskoniak premiekin bisitatuko du gaur Izar Gorriaren kantxa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabarrak eta serbiarrak berdinduta daude sailkapenean, bost garaipenekin, eta gertu dituzte play-offak jokatzeko eskubidea ematen duten lehen zortzi postuak.
-
Tornike Shengelia, Panathinaikosen aurkako partidan. Argazkia: EFE
Kirolbet Baskoniak Izar Gorria izango du aurkari gaur (19:00), Euroligako hamahirugarren jardunaldian. Serbiarrak sasoiko iritsiko dira neurketara, irabazi egin baitituzte txapelketan jokatutako azken hiru lehiak.
Velimir Perasovicek jokalari guztiak eraman ditu Belgradera, baina litekeena da Luca Vildozari atsedena ematea, sorbalda minduta duelako (ez zuen jokatu bere taldearen azken partida).
Ostera, taldera heldu berria den Sergi Garciak debuta egingo du Euroligan, Joventuten aurkako Endesa Ligako neurketan (87-86) jardun ona erakutsi ondoren.
Izar Gorriak Armani Milan gainditu zuen azken jardunaldian, Italian bertan, eta moralez beteta helduko dira 20.000 zaleren aurrean Stark Arenan jokatuko den partidara.
Une honetan, arabarrak eta serbiarrak berdinduta daude sailkapenean, bost garaipen eta zazpi porrotekin, eta play-offak jokatzeko eskubidea ematen duten lehen zortzi postuetatik gertu daude. Ondorioz, partida irabaztea garrantzitsua da bi taldeentzat, lehen zortzi sailkatuen erritmoari eusteko.
Dragan Sakotaren taldearen indarra, batez ere, kanpoko jokoan datza, hots, Lorenzo Brown, Billy Baron edota Stratos Perperoglu bezalako gizonen saskiratzeetan. Hala ere, James Gist beteranoak barneko jokoan egindako lana ere azpimarragarria da.
Baskoniaren jokoari dagokionez, berriz, Tornike Shengelia kapitainak egin ohi duen ekarpenari jokalari gehiago gehitu beharko zaizkio, irabazteko aukerak handiagoak izan daitezen.
Dragan Sakota eta Velimir Perasovic entrenatzaile gisa aurrez aurre ariko diren lehen aldia izango da. Hori bai, aurretik ere izan dira elkarren aurka saskibaloiko kantxa batean; azken aldiz, 1989-90 denboraldian, hain zuzen ere. Harako hartan, Baskoniako egungo entrenatzaileak Jugoplastikan jokatzen zuen, eta Sakotak zuzendutako Cibonaren aurka jardun zuen, Jugoslaviako ligako finalerdietan.