Itxi

Baskonia

16. JARDUNALDIA

Baskoniak ez du bere arazoentzako konponbiderik aurkitu Berlinen (81-57)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek argi eta garbi galdu dute Albaren aurka. Hartara, euren hirugarren porrota jarraian kateatu dute Euroligan, eta 6 garaipenekin geratu dira.

  • Luca Vildoza, partidako une batean, etsita.

    Luca Vildoza, partidako une batean, etsita. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak ez du konponbiderik aurkitu ostegun honetan orain arte egiten ari den denboraldi etsigarriarentzat, beste porrot bat pilatu baitu Berlinen (81-57), Euroligako zortzi onenen artean egoteko bidean.

Oraingoan Alba Berlinen kontra izan da. Alemaniarren aurkako neurketan, arabarrak berehala geratu dira ideiarik gabe, eta, ondorioz, bere hirugarren porrota kateatu dute jarraian, nahiz eta Dusko Ivanovicek jardun duen entrenatzaile lanetan, joan zen asteburuan zuzendaritzak Perasovic kargutik kendu ondoren.

Ivanovicek Mercedes-Benz Arena kantxan eman dio hasiera bere hirugarren aldiari Baskoniako aulkian; alabaina, Montenegroko entrenatzaileak gasteiztarren jokoarengan eragindako edozein hobekuntza-zantzu zapuzteko gai izan dira etxekoak.

Hartara, Aito Garcia Renesesek zuzentzen duen taldeak bosgarren garaipena erdietsi du (lau norgehiagoka zeramatzan ezin irabazita), eta hori lortzeko bidean Rokas Giedraitis eta Landry Nnoko (23 puntuko balorazioa izan dute biek) zein Luke Sikma (20ko balorazioa) nabarmendu dira.

Gasteiztarrek, ostera, partida kaskarra jokatu dute beste behin, eta sufritu egin dute laurden bakoitzean, ez baitute ahalmenik izan euren jokatzeko plana kantxa gainean islatzeko: 19 baloi galdu dituzte, eta kanpoko jaurtiketan % 15eko eraginkortasuna besterik ez dute izan.

Horrenbestez, sei lehia irabazita eta hamar galduta, gero eta zailagoa dago Buesa Arenakoentzat play-offetan sartu ahal izateko aukera, nahiz eta oraindik norgehiagoka ugari geratzen diren jokatzeke.

Fitxa teknikoa:

81-Alba Berlin (23+18+16+24): Mattisseck (-), Hermannsson (18), Giedraitis (17), Sikma (10) eta Nnoko (11) –hasierako bostekoa–, Mason (5), Radosavljevic (-), Giffey (9), Eriksson (11), Schneider (-), Nikic (-)eta Ogbe (-).

57-Kirolbet Baskonia (15+11+11+20): Henry (2), Stauskas (9), Shields (11), Shengelia (1) eta Eric (10) –hasierako bostekoa–, Vildoza (6), Janning (5), Diop (3), Sergi García (-), Fall (8) eta Polonara (2).

Epaileak: Emin Mogulkoc (Turkia), Jakub Zamojski (Polonia) eta Rain Peerandi (Estonia). Diop kaleratu dute bost falta pilatzeagatik (35. min).