Baskonia
BUESA ARENAN, 21:00ETAN
Baskonia vs Fenerbahçe, premiaz betetako bi talde aurrez aurre gaur
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Play-offetara sartzeko eskubidea ematen duten postuetatik kanpo ekingo diote bi taldeek bigarren itzuliari.
Kirolbet Baskoniak eta Istanbulgo Fenerbahçek premia handiko lehia jokatuko dute gaur Fernando Buesa Arenak hartuko duen Euroligako hemezortzigarren jardunaldian (21:00).
Bi taldeen ibilbidea bertsua izaten ari da Europan; izan ere, Baskoniak zazpi garaipenekin ekingo dio bigarren itzuliari, play-off postuetatik garaipen bakarrera, eta Fenerbahçek, berriz, sei ditu.
Bi taldeek lesioen eragina jasan dute. Hain zuzen ere, Dusko Ivanovicek ez ditu neurketa honetan jokatzeko moduan izango Luca Vildoza eta Jayson Granger joko-antolatzaileak, ezta Patricio Garino jaurtitzailea ere, min hartuta baitaude. Zeljko Obradovicek, ostera, Jan Vesely (talde turkiarrak azken denboraldietan izan duen jokalarik garrantzitsuenetakoa) izango du faltan. Txekiarra ezingo da Buesan egon, bere suspertze-prozesuaren azken txanpan baitago. Aitzitik, baliteke James Nunnally Gasteizen aritzea, oraintsu fitxatu baitu berriro Istanbulgo taldeak.
Atzera begira jarrita, oroimenean iltzatuta daude lehen itzuliko partidan Nando De Colo frantziarrak sartu zituen 39 puntuak, etxekoak 87-80 nagusitzeko ezinbestekoak izan zirenak. Dena den, gasteiztarrek Kostas Sloukas greziarra eta Derrick Williams estatubatuarra ere zaindu behar dituzte. Azken horrek lehia interesgarria izango du Tornike Shengelia Baskoniako kapitainarekin.
Bi taldeen arteko neurketen arteko historiari begiratuz gero, berdintasuna da nagusi, bakoitzak 14 garaipen lortu baititu elkarren aurka jokatu dituzten 28 norgehiagoketan; hala ere, Baskoniak azken bederatzi partidetatik bakarra irabazi du (duela bi denboraldi).