Publizitatea
Itxi

2021/03/03

21:36

Baskonia

Euroliga

Baskoniak Olympiakos jipoitu eta lehen zortzi postuetan sartzeko lehian jarraitzen du

A. B. | EITB Media

TD Systems Baskoniak 91-66ko emaitzarekin lortu du garaipena talde greziarraren aurka jokatu duen Euroligako 27. jardunaldiko partida.

Baskonia - Olympiacos
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

TD Systems Baskoniak garaipen handia lortu du Olympiakosen aurka (91-66) jokatu duen Euroligako 27. jardunaldiko partidan, eta sailkapeneko lehen zortzi postuetan sartzeko aukerak ditu oraindik. Bosgarren garaipena jarraian lortu du txapelketa honetan.

Olympiakosek hobeto ekin dio neurketari. Kosta Koufos jokalari garrantzitsua izan da partidaren hasieran talde greziarrarentzat, baina falta asko egin ditu Youssoupha Fallen aurka izan duen lehian, eta aulkira joan behar izan du. Lehen laurdena Olympiakosen aldeko emaitzarekin amaitu da (15-21).

Bigarren laurdenaren hasieran, hamar puntuko errenta lortu du Olympiakosek (15-25), baina Fall berriz kantxaratu denean Baskonia nagusitzen hasi da, eta 11-2ko partziala eginda neurketa parekatu du. Ondoren, Rokas Giedraitisek hiru hiruko sartu ditu, eta Arabako taldea abantaila politarekin joan da atsedenaldira (43-32).

Atsedenaldiaren ostean, bizi kantxaratu da Olympiakos, baina Baskoniak hirukoak sartuz erantzun dio. Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldea aurretik jarri da markagailuan, eta hamar puntuko abantailarekin bukatu du hirugarren laurdena (68-58).

Azken laurdenean Luca Vildozak ezin hobeto zuzendu du taldea, berak sartu ditu lehen bost puntuak eta hiruko jaurtiketetan ere asmatu du. Baskoniak 23-8ko partziala lortu du azken hamar minutuetan eta garaipenak ez dio ihes egin (91-66).

Fitxa teknikoa:

91 - TD Systems Baskonia (15+28+25+23): Vildoza (16), Giedraitis (18), Sedekerskis (8), Polonara (11) eta Fall (9) –hasierako taldeal–, Raieste (-), Jekiri (10), Henry (-), Peters (8), Diop (-), Dragic (8) eta Kurucs (-).

66 - Olympiakos (21+11+26+8): Sloukas (8), Jenkins (-), Jean-Charles (15), Vezenkov (5) eta Koufos (5) –hasierako taldea–, Nikolaidis (-), Charalampopoulos (2), Harrison (7), Larentzakis (-), Spanoulis (2), Ellis (12) eta Mckissic (10).

Epaileak: Damir Javor (Eslovenia), Saso Petek (Eslovenia) eta Tomasz Trawicki (Polonia). Ez dute inor kanporatu. Teknika adierazi diote Diopi hirugarren laurdenean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena