Itxi

Baskonia

Endesa Liga

Ivanovicek bere taldearen jarrera kritikatu du, "pistan % 100a ez emateagatik"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Baskoniak 72-61 galdu du Joventuten aurka eta Gasteizko taldeko entrenatzailea oso haserre agertu da bere jokalariekin.

0:14
Bere taldearen jarrera kritikatu du Ivanovicek

Dusko Ivanovic Baskoniako entrenatzailea oso kritiko agertu da Badalonan, berak zuzentzen duen taldeko jokalariek erakutsitako jarrerarekin; izan ere, bere aburuz, pistan egon direnean ez dute "ehuneko ehuna" eman, salbuespenik gabe, eta horrek jaurtiketa argietan egindako akatsek baino gehiago haserrarazi dute.

"Ez dut bajei buruz hitz egingo, hamar jokalari zeudelako eta irabazteko ez direlako hamar baino gehiago behar, bost daude pistan. Galdu egin daiteke, baita 30 edo 40 puntuko aldearekin ere, gaizki jokatuz gero, baina ezin da pistan egon ehuneko ehuna eman gabe. Horrek haserrarazi egiten nau", azaldu du teknikariak.

Baskoniak "arlo guztietan partida oso txarra" egin duela azaldu du Ivanovicek, eta kritiko agertu da bere taldeak defentsan egindako lanarekin, Joventutek erasoan harrapatutako 16 erreboteen inguruan galdetu diotenean.

"Defentsako errebotea defentsako lanaren parte da, eta defentsako lana egin nahi duten ala ez, (jokalarien) borondatean datza % 100a", esan du Baskoniako entrenatzaileak.

Bere taldearen erasoko jokoari buruz, Ivanovicek esan du bere taldeak "oso motel" jokatu duela: "Ez dugu egoera neurtzen jakin, eta bakarrik jaurti dugunean, ez dugu saskiratzerik lortu".