Itxi

Baskonia

Euroliga (9. jardunaldia)

Baskoniak jipoia jaso du Bartzelonaren aurka

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak galdu egin du Barçaren kontra (93-67) jokatu duen Euroligako bederatzigarren jardunaldiko partida.

  • Giedraitis eta Sanli

    Giedraitis (Baskonia) eta Sanli (Barça) partidako jokaldi baten. Argazkia: EFE

Bitci Baskoniak galdu egin du Bartzelonaren aurka (93-67) jokatu duen Euroligako bederatzigarren jardunaldiko partida. Barçak ez dio aukerarik eman Gasteizko taldeari. Lau neurketa jarraian galdu ditu Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak txapelketa honetan.

Hasiera bikaina eman dio Baskoniak norgehiagokari, lau puntuko abantaila hartuta (0-4 eta 2-6), baina Bartzelonak azkar erantzun eta lehia berdintzea lortu du (8-8 eta 10-10). Ondoren, jaun eta jabe izan da Barça, eta 18 puntuko errenta erdietsi du (28-10) lehen laurdena bukatzeko bi minutu falta zirenean. Arabako taldeak aurkariaren bolada ona moztea lortu duen arren, talde kataluniarrak aldeko 32-15eko emaitzarekin amaitu ditu estreinako hamar minutuak.

Ezinean jarraitu du Gasteizko taldeak bigarren laurdenean. Bartzelonaren nagusitasuna erabatekoa izan da. Bitci Baskonia ez da gai izan aurkariaren erasoko jokaldiak gelditzeko, eta erasoan ere asko kosta zaio saskiratzeak lortzea. Ondorioz, Barça 24 puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (55-31).

Hirugarren laurdenean Bartzelonak erakustaldia ematen jarraitu du. Kataluniako taldeak bikain jokatu du, Baskoniak erraztasunak eman dizkio, eta Arabako taldea 40 puntuko desabantailarekin heldu da azken laurdenera (81-41).

Baskoniak amaierako hamar minutuetan izan duen helburua emaitza txukuntzea izan da. Bartzelonak erritmoa jaitsi azken laurdenean, eta Arabako taldeak desabantaila murriztu du. Hala ere, amaieran Baskonia galtzaile, 93-67ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

Bartzelona: Calathes (9), Laprovittola (11), Hayes-Davis (2), Mirotic (25) eta Sanli (8) --hasierako taldea--; Davies (11), Kuric (8), Martinez (3), Smits (4), Oriola (2), Jokubaitis (8) eta Caicedo (2).

Bitci Baskonia: Granger (4), Fontecchio (4), Sedekerskis (2), Giedraitis (14) eta Enoch (22) --hasierako taldea--; Marinkovic (4), Baldwin IV (3), Peters (4), Nnoko (-), Costello (8) eta Kurucs (2).

Partzialak: 32-15, 23-16, 26-10, 12-26.

Epaileak: Javor, Difallah eta Nikolic. Ez dute inor kanporatu.