Itxi

Baskonia

22 . JARDUNALDIA

Baskoniak galdu egin du berriro Euroligan, oraingoan Bayernen aurka (77-84)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gasteiztarrek 7 partida baino ez dituzte irabazi orain arte, eta zortzigarren postua hiru garaipenera daukate.

  • Steven Enoch (ezkerrean) Othello Hunter (eskuinean) defendatu nahian

    Steven Enoch (ezkerrean) Othello Hunter (eskuinean) defendatu nahian. Argazkia: EFE

Bitci Baskoniak galdu egin du ostiral honetan Bayern Munichen aurka 77-84 denboraldi honetan maiz egin izan dituen akatsak errepikatu ostean, hau da, baloi ugari galduz eta zenbait alditan neurketatik deskonektatuz.

Alemaniarrek 17-0eko partziala lortu dute bigarren laurdenean, eta horrek markagailuan agintzen jarri ditu une horretatik eta norgehiagoka amaitu den bitartean. Etxekoek galdutako 16 baloiek Neven Spahijaren mutilen erreakzioa eragotzi dute, une garrantzitsuetan ez baitute asmatu.

Gasteiztarrak ondo sartu dira neurketara, ohi baino erritmo baxuagoarekin hasi den partidan, baina Baskoniak defentsa ona izan du oinarri lehen aldeak lortzeko.

Othello Hunterren kantxaratzearekin batera, ordea, alemaniarrek hobera egin dute, nahiz eta lanak izan dituzten Tadas Sedekerskisen energiari eusteko (zortzi puntu lortu ditu lehen bost minutuetan).

DeShaun Thomasek sei punturekin erantzun eta Bayernek markagailua estutu du (17-16) bi taldeen partetik akats ugari egon diren lehen laurdenaren amaieran.

Andrea Trinchieriren mutilek etekin handiagoa atera diote bere barneko jokoari, eta etxekoena murritzagoa zela baliatuta, hiru pibot pururekin, Alec Petersek koronabirusean positibo eman ondoren.

Baloi-galerek kalte handia eragin diete Neven Spahijaren gizonei, 17-0eko partziala jasotzeraino. Neurketatik kanpo zeuden une horretan, erasorako baliabiderik erakutsi gabe.

Gasteiztarrek abiaduraren bitartez aurkitu dute erreakzioa, eta 33-42ko emaitzarekin galtzen joan dira atsedenaldira.

Vladimir Lucicen bi hirukok etxekoen erreakzioa geldiarazi dute bigarren zatiaren hasieran, baina Simone Fontecchio italiarrak jarraian sartutako zortzi punturi esker arabarrek itxaropenari eusteko gai izan dira erritmo gehiago izan duen hirugarren laurdenean.

Aitzitik, gasteiztarrek une estuenetan egindako opariek eta saskiari begira alemaniarrek azaldu duten trebeziak markagailua iraultzea eragotzi dio Baskoniari. Hala, sei puntugatik galtzen sartu dira azken laurdenean (55-61).

Saskiratze trukeak mesede egin die alemaniarrei, eta euren ekintzetan pazientzia handiagoa erakutsita 11 puntura arte luzatu dute abantaila (62-73). Dena den, Baskoniak defentsa on batzuk kateatu ditu, eta partidan sartu da berriro, Wade Baldwinen jardun zorrotzean oinarrituta, 9-0eko partzialarekin.

Alabaina, Othello Hunter agertu da berriro etxekoen kalterako, bi-biko jokoa bikain bukatuz eta Bayerni arnasa emanez une kritikoan. Lehia behin betirako erabakita utzi duena, ordea, Corey Walden izan da, amaieratik 35 segundora sartu duen hiruko batekin. Azkenerako, Bayern nagusitu da 77-84ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

77 - Bitci Baskonia (17+16+22+22): Baldwin (23), Granger (5), Giedraitis (3), Sedekerskis (11) eta Enoch (4) -hasierako bostekoa-, Lamar Peters (7), Fontecchio (12), Costello (12), Kurucs (-).

84 – Bayern Munich (16+26+19+23): Walden (17), Jaramaz (1), Lucic (8), Rubit (17) y Radosevic (-) -hasierako bostekoa-,, Weiler-Babb (7), Thomas (13), Rivers (4), Hunter (17), George (-), Obst (-) eta Sisko (-).

Epaileak: Mehdi Difallah (Frantzia), Emin Mogulkoc (Turkia) eta Saso Petek (Eslovenia). Enoch (40. min) eta Peters (min. 40. min) kanporatu dituzte bost falta egiteagatik.