Itxi

Baskonia

EUROLIGAKO 23. JARDUNALDIA

Baskoniak ezin izan die hutsuneei aurre egin Atenasen (75-63)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gasteizko taldea zortzigarren postutik hiru garaipenera dago, Efesek ere galdu egin baitu aste honetan.

  • Jayson Granger saskira sarrera egin nahian

    Jayson Granger saskira sarrera egin nahian. Argazkia: EFE

Bitci Baskoniak galdu egin du beste behin ere Euroligan, oraingo honetan Panathinaikosi egindako bisitan (75-63), txapelketako 23. jardunaldian. Gasteiztarrek ezin izan diote aurre egin neurketari heldu orduko izandako baja ugarien zama handiari.

Baskoniak oso gaizki ekin dio lehiari, 22-8ko partziala jasota, bigarren laurdenean ezer gutxi hobetu ahal izan duena. Lehen zatia oso tristea izan da arabarrentzat, aitzakiarik gabekoa, bajak gorabehera, eta hortxe geratu da erabakita Panathinaikosen aurkako norgehiagoka. Neurketa galdu arren, Gasteizko taldea zortzigarren postutik hiru garaipenera dago oraindik ere, Efesek galdu egin baitu aste honetan.

Baskoniak covid-19ak eragindako bajekin bidaiatu du Greziara, eta, horrez gain, Costellok ezkerreko orkatila bihurritu du partidaren aurreko orduetan; ondorioz, Fontecchio, Giedraitis eta Enochek ia partida osoa jokatu behar izan dute. Etxeko taldea ere bajak zituela eta bolada txarrean murgilduta heldu da lehiara, baina 30 puntuko errenta izatera iritsi da azken laurdenean. Neven Spahijaren mutilak ezinean aritu dira, eta, besteak beste, lau asistentzia baino ez dituzte banatu lehen zatian.

Whitek, Evansek eta Nedovicek eraman dute partidaren kontrola etxekoen aldetik; beste aldean, ordea, Baskoniako jokalariek 13 saiakera egin dituzte hiruko jaurtiketetan, eta ez dute behin ere asmatu lehen zatian.

Bigarren zatiak ez du aldaketarik ekarri norgehiagokaren martxan, eta greziarren aldea handituz joan da (57-32).

Aldaketak egiteko aukera murritzak jokatzeko parada eman dio Alex Barrerari neurketako azken aldera, gasteiztarrek markagailuko emaitza itxuratzeko baliatu dutena.

Fitxa teknikoa:

75 - Panathinaikos OPAP (22+16+19+18): Nedovic (16), Bochoridis (3), Papapetrou (7), Okaro White (12) eta Evans (14) —hasierako bostekoa—, Kavvadas (4), Kaselakis (7), Avdalas (-), Jovic (6), Mantzoukas (2) eta Sant-Roos (4).

63 - Bitci Baskonia (8+12+12+31): Granger (7), Baldwin (16), Giedraitis (12), Fontecchio (11) eta Enoch (11) —hasierako bostekoa—, Lamar Peters (-), Raieste (-), Barrera (3) eta Marinkovic (3).

Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Fernando Rocha (Portugal) eta Saulius Racys (Lituania). Ez dute inor kanporatu.