Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia 2024

Aurkezpena

2024ko Euskal Herriko Itzulia aurkeztu dute

EITB Media

Lasterketaren 63. edizioa Irunen aurkeztu dute. Apirilaren 1a eta 6a bitartean jokatuko da, munduko txirrindulari onenak ikusi ahalko dira euskal errepideetan, eta EITB Mediak zuzenean eskainiko ditu etapa guztiak.

2:26
ITzulia

Ostiral honetan, martxoaren 22an, egin dute 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren aurkezpen ofiziala, Irungo Ficoban. Lasterketaren 63. edizioa apirilaren 1a eta 6a bitartean jokatuko da, eta EITB Mediak horren jarraipen zabala egingo du.

Etapa guztiak zuzenean eskainiko dira ETB eta eitb.eus bidez, egunero saio bereziak egongo dira ETB1en zein eitb.eus-en, eta Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere entzungai izango ditugu etapa guzti-guztiak.

Jonas Vingegaard iazko txapelduna, Remco Evenepoel eta Primoz Roglic izango dira lasterketako izar nagusiak. Julian Eraso lasterketako zuzendariak hauxe esan du: ''Txirrindularitzako oilarrak beti etortzen dira mokoka Itzulira, beti ikusten da lasterketa polita''. Tadej Pogacarri buruz esan du agian Donostiako Klasikoan ikusteko aukera izango dutela zaleek, eta aurten ez bada, hurrengo urteetan esloveniarra Itzulian ikusiko dutela.

Urtero legez, Itzuliak ibilbide gogorra izango du, eta munduko txirrindulari onenak arituko dira Euskal Herriko errepideetan. Ikuskizuna bermatuta dago.

Irun izango da abiapuntua, apirilaren 1ean. Irunen hasi eta amaituko den 10 kilometroko erlojupekoak emango dio hasiera Itzuliari. Bigarren etapa ere, Irunen hasiko da, eta Kanbon amaituko da, txirrindulariek 160 kilometroko ibilbidea egin ondoren. Hirugarrenak 190,9 kilometroko ibilbidea izango du, Ezpeleta eta Altsasu artean. Laugarren etapa, aldiz, Etxarri Aranatzen hasi eta Legution bukatuko da, eta 159 kilometroko ibilbideari egingo diote aurre txirrindulariek. Bosgarren etapa Gasteiztik abiatu eta Zornotzan amaituko da, 175,9 kilometroko ibilbidea egin ostean. Bukatzeko, seigarren eta azken etapa Eibarren hasi eta bukatuko da, 137,8 kilometroko ibilbidea izango duen jardunaldiarekin.

Itzuliaren ibilbidea:

1. etapa: Irun - Irun (10 kilometroko erlojupekoa)

2. etapa: Irun - Kanbo (160 km)

3. etapa: Ezpeleta - Altsasu (190,9 km)

4. etapa: Etxarri Aranatz - Legutio (159 km)

5. etapa: Gasteiz - Zornotza (175,9 km)

6. etapa: Eibar - Eibar (137,8 km)