Txirrindularitza
Espainiako Vuelta
Jay Vinek irabazi du Larra-Belaguan, eta Jonas Vingegaard Espainiako Vueltako lider jarri da
EITB
UAE taldeko txirrindulari australiarra bigarrenez gailendu da lasterketako 80. ekitaldian, Nafarroan jokatu duten etapan, bakarka, eta Movistarreko Pablo Castrillo bigarren postuan helmugaratu da. Sailkapen nagusian, Vingegaardek maillot gorria jantzi du, eta Traeen 26 segundora dabil.
-
Jay Vine bigarrenez gailendu da Espainiako Vuelta honetan. Argazkia: EFE.
UAE Team Emirates-XRG taldeko Jay Vine txirrindulari australiarrak 2025eko Espainiako Vueltako hamargarren etapa irabazi du, Larra-Belaguan; sailkapen nagusiari dagokionez, Visma Lease a Bike taldeko Jonas Vingegaard ziklista danimarkarrak maillot gorria jantzi du, Bahrain-Victoriouseko Torstein Traeeni kenduta. Vine bigarrenez gailendu da lasterketako 80. ekitaldian, Nafarroan jokatu duten etapan, bakarka, eta Movistarreko Pablo Castrillo bigarren postuan helmugaratu da.
Testuinguru horretan, helmugarako 75 bat kilometro gelditzen zirela, Xabier Mikel Azparrenek eta beste hiru gizonek, hain zuzen Masnadak, Gregaardek eta Kwiatkowskik, erasoa egin dute, tropelean, eta berehala batu zaizkie beste 25 bat txirrindulari; iheslariek, amaierarako 50 kilometro baino apur bat gehiago falta zirela, minutu eta erdiko abantaila zuten tropelarekiko.
Javier Romok eta Jay Vinek aurrera jo dute, eta ihesaldiko zortzi ziklistak bat egin dute haiekin; bukatzeko 25 kilometro geratzen zirela, Romok, Vinek, Bernardek, Castrillok, Ryanek, Concik, Balderstonek, Vermaerkek, Segaertek eta Xabier Mikel Azparrenek minutu bateko aldea zuten ihesaldiko gainerako hogei ziklistekiko, eta tropelak hiru minutura zuen lasterketa burua. Pentsatzeko modukoa zen garaipena aurretik zihoazen hamar gizonen artean jokatuko zutela.
Lottoko Alec Segaertek erasoa jotzea erabaki du, eta indartsu irten da. Larra-Belaguarako igoeran zeudela, Azparrenek ezin izan dio erritmoari eutsi, atzean gelditu da, eta hainbat ziklistak Segaert harrapatu dute; Movistarreko Pablo Castrillo jarri da lasterketa buruan, helmugarako zazpi kilometrora. Vine zain zebilen, apur bat atzerago, eta bost kilometro falta zirela Aragoiko ziklista harrapatu du; segituan utzi du atzean, eta azkenean eskuratu duen garaipenaren bila joan da.
Sailkapen nagusirako lehian, Torstein Traeen atzean gelditu da Belaguan; Vingegaardek eta Almeidak igoera ona egin dute, erritmo bizian, eta Vismako danimarkarrak lehen postua berreskuratu du.
Asteazkenean, 2025eko Espainiako Vueltan hamaikagarren etapa izango da jokoan, eta hori ere Euskal Herrian egingo dute, Bilbon hasi eta amaituko baita. Jardunaldiak 157,4 kilometroko ibilbidea izango du, eta tartean zazpi igoera puntuagarri izango dira: bigarren mailako bi, eta hirugarren mailako bost.
Etapako sailkapena
1 - Jay Vine (UAE) 3:56:24
2 - Pablo Castrillo (Movistar) + 0:35
3 - Javier Romo (Movistar) + 1:04
4 - Archie Ryan (EF) + 1:05
5 - Tom Pidcock (Q36.5) d. b.
6 - Giulio Ciccone (Lidl) d. b.
7 - Jai Hindley (Red Bull) d. b.
8 - Matteo Jorgenson (Visma) d. b.
9 - Junior Lecerf (Soudal) d. b.
10 - Joao Almeida (UAE) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - Jonas Vingegaard (Visma) 37:33:52
2 - Torstein Traeen (Bahrain) + 0:26
3 - Joao Almeida (UAE) + 0:38
4 - Tom Pidcock (Q36.5) + 0:58
5 - Felix Gall (Decathlon) + 2:03
6 - Giulio Ciccone (Lidl) + 2:05
7 - Matteo Jorgenson (Visma) + 2:12
8 - Jai Hindley (Red Bull) + 2:16
9 - Giulio Pellizzari (Red Bull) d. b.
10 - Matthew Riccitello (Israel) + 2:43

