Durangoko Azoka
48. edizioa
Durangoko Azoka herri osotik jalgiko da mundura aurten
Natxo Velez | eitb.com
Durangoko Azokak 238 erakusmahai, iaz baino 15 gutxiago, eta 122 erakusketari, bost gutxiago, izango ditu aurten. Garai ekonomiko zailen zartada igarri dute antolatzaileek: % 10 jaitsi da aurrekontua,
2013ko Durangoko Azokaren aurkezpen ofiziala egin dute, ostegun honetan, Durangoko San Agustin kulturgunean. Arduradunek bertan kazetarien aurrean iragarri dutenaren arabera, egunotako zailtasun ekonomikoak zailtasun (% 10 jaitsi da aurten aurrekontua), "orain artekoak bezain ekitaldi handia edo handiagoa" egingo dute: "Indartsu ekingo dio Azokak 48. edizio honi, kulturaren plaza herri osora zabalduta". Guztira, 130 ekitaldi baino gehiago izango dira bertaratzen direnen gozagarri.
Zenbakiei helduta, Durangoko 48. Azokak 238 erakusmahai (iaz baino 15 gutxiago) eta 122 parte-hartzaile (bost gutxiago) izango ditu; 226 liburu eta 68 disko berri aurkeztuko dituzte.
Aurkezpenean, Aitziber Idigoras Durangoko alkatea, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea eta Itziar Elias Szenatokiko arduraduna izan dira.
Aurten "Azoka Landako gunetik Durango osora, mundu osora, zabaltzeko ahalegina" egin dutela azaldu dute antolatzaileek, eta, alkateak nabarmendu duenez, hori "pozgarria da durangar guztientzat". Horrez gain, erakunde publikoek murrizketen garaian egindako ahalegina nabaria dela adierazi du herriko agintari gorenak. Halaber, Idigorasek "gonbidapen zabala" egin die "euskaltzale zintzo guztiei, Azoka bisitatu ez ezik, bertan parte har dezaten".
"Azoka plano bitan zabaldu da: herri osoa hartuko du eta kulturgintzaren alor guztiak biltzen ditu honezkero", esan du Ana de Castrok Bizkaiko Aldundiaren, hitzorduaren babesle nagusiaren, izenean. Erakundeek "euskal komunitatea pizteko medioak jarri eta baliabideak eman behar dituzte", haren ustez.
Cristina Uriarte sailburuaren hitzetan, bestalde, "mundu osora jalgi behar da euskara. Geure garaia bizi behar du euskarak, eta guk, euskaraz. Horretarako, Jaurlaritzak bertoko produkzioa lagundu behar du, euskaraz eta erdaraz, biak baitira geureak. Dena dela, euskarazkoak laguntza handiagoa behar du, oztopoak izan baititu garatzeko bide zailean. Gainera, Durangoko Azokari euskarak ematen dio bere izaera". Uriarteren ustez, "aurrean dugun erronkarik handiena euskal kultura erakargarriagoa egitea da. Funtsezko eginkizuna euskal kultura jendeari hurreratzea da".
Aurrekontu murritzagoa
Nerea Mujikak azaldu duenaren arabera, Durangoko Azoka "kulturaren plaza nagusia" izango da beste urte batez. Hala ere, horretarako, Gerediaga Elkarteak gerrikoa estutu eta esfortzua egin behar izan du: "Aurrekontuan, % 10eko jaitsiera izan dugu, 60.000 eurokoa. Aurten, 520.000 euroko aurrekontua izan dugu Azokarako; izan ere, erakunde publikoek % 5 jaitsi dute laguntza batez beste".
"Aurten, zailtasunak zailtasun jendearen babesa dugulako egingo dugu Azoka", esan du, jendeari esker ona helarazteko.
Argizaiola saria
Aurten, William Douglass antropologo amerikarrari emango diote Argizaiola saria. Diasporan oso aditua, euskal herritarren migrazio mugimenduen kontalaria eta AEBetako euskal kulturaren sustatzailea. Abenduaren 6an jasoko du Douglassek golardoa.
Bestalde, 48. edizioko herrialde gonbidatua Eskozia izango da, eta arlo politiko eta kulturaletik begiratuko diote herrialde horri. Autodeterminazioari buruzko mahaingurua egingo dute, eta aktore eskoziar batek bertatik bertara kontatuko ditu Durangon gaelikoa erabiltzen duten sortzaileen nondik norakoak.