Durangoko Azoka
Kulturaren topagunea
115.000 bisitari baino gehiago izan ditu 2018ko Durangoko Azokak
EITB.EUS
Datuak arrakastaren isla dira: lehen urtez kaleratutako "DA!" poltsak larunbatean agortu ziren, eta 41.500 bisitari baino gehiagok webgunea kontsultatu dute, besteak beste.
-
Giro paregabea izan da egunotan Landako gunean. Argazkia: Txelu Angoitia
115.000 pertsona baino gehiago igaro dira egunotan Landako gunetik, Durangoko Azokaren 53. edizioaren harira, euskal kulturaren hitzordu nagusiaren antolatzailea den Gerediaga Elkarteak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Aurtengo edizioa "anitza, baikorra eta arrakastatsua izan da", adierazi dute Gerediaga Elkartekoek eta azokako antolakuntzak.
"Gure aurreikuspenak bete eta gainditu dira. Azoka borobila izan da, alderdi kuantitatibo eta kualitatiboan", gaineratu dute. Bost egun horietan, berriro ere, Landako gunea "euskal kulturaren plaza bihurtu da, sortzaileak, ekoizleak eta bisitariak elkartzeko gunea", hain zuzen ere.
Gainerako datuek ere arrakasta hori islatu dute. Izan ere, lehen urtez kaleratutako "DA!" poltsak azoka amaitu baino egun bat lehenago amaitu ziren, eta Landako erakusleihoen planoa, esaterako, hirugarren egunean agortu zen. Azokako webgunea ere gainditutako aurreikuspen horien ispilu izan da: azken lau egunetan, 41.500 bisitari baino gehiagok kontsultatu du webgunea, egitarauaren inguruko informazioa jasotzeko asmoz.
Azokaren esparruei dagokienez, Gerediaga Elkarteak Saguganbara aretoa aipatu du, saio guztietan "beteta" egon baita. "Egunik jendetsuenak abenduaren 7a eta 8a izan dira", adierazi dute Azokaren antolatzaileek, "eta ekitaldirik jendetsuena 'Ene kantak' taldearena izan da".
Inkestak bisitarien artean
Aurten inkestak egin dituzte Azokaren bisitarien artean, horien profilaren gaineko datuak biltzeko helburuz. Siadeco ikerketa-elkarteak burutu du ekimena eta, guztira, 700 inkesta baino gehiago egin dituzte. Jasotako datuekin (bataz besteko gastua, egitarauaren berri duten, zeintzuk diren euren kultur ohiturak…), proposamen berriak egin ahal izango ditu Azokak datozen edizioetan, xede izanik bisitarien behar eta asmo kulturalak asetzea.
Amaitzeko, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak aurtengo Azokaren balorazio positiboa egin du eta, EiTBri eskainitako adierazpenetan, azpimarratu egin du "Azokako bisitarien ibilbidea zabaldu egin" dela. Behin aurtengo Azoka amaituta, bai Gerediaga Elkartea eta bai Durangoko Azokako antolakuntza datorren edizioari begira jarri dira.