Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

55. edizioa

Hemen da Durangoko Azokarik "ezohikoena", 2.300 produkturekin eta publikorik gabe

EiTB.EUS

55. edizio honek ere ikasleei eskaini die irekiera eguneko goiza. Nolanahi dela, aurten, Durangoko ikasleek soilik izango dute Azoka bisitatzeko aukera.

1:09
Landako gunea, gaur goizean

Euskal kulturgintzaren topaleku den Durangoko Azokak ostiral honetan eman dio hasiera orain arteko edizio "ezohikoenari", zuzeneko salmenta atzean utzita eta denda digital berri bati ateak irekita. Guztira, 2.300 produktu daude eskuragai 55. edizio honetako katalogoan. Lehenengo 1.000 erosketek, gainera, saria jasoko dute trukean: "taupaDA!" boltsa.

Durangon ohiko erakusmahaiak egongo ez badira ere, 185 argitaletxek, diskoetxeek, elkarteek eta autoekoizpenaren bidea hautatu duten egileek biltoki izango dute Landako gunea, han gordeko dituztelako denda digitalean salgai dituzten 2.300 produktu horiek.

Lan horietatik 852 aurten argitaratutakoak dira: 636 liburu, 100 musika produktu, 44 aldizkari eta denetariko 72 produktu (ikus-entzunezkoak, jokoak...).

Koronabirusaren pandemiak gogor jo gaituen honetan, urtero Azoka antolatzeaz arduratzen den Gerediaga elkarteak formatu berri baten aldeko apustua egin du, Landakon bertan eta Durangoko kaleetan jenderik pilatu ez dadin.

Hala, abenduaren 8ra arte "modu berezian" egingo du bere bidea aurtengo edizioak, ohiko kontzertuak, hitzaldiak eta ikuskizunak Internet bidez eskainiz. Gutxi batzuek gonbidapen bidez ere izango dute zuzenekoez gozatzeko parada.

Plateruenan, musikak izango du tokia. Pop, rock, hip-hop, heavy eta folk doinuak entzungo dira bertan, 37 talderen eskutik, gaur hasi eta asteartera arte. Besteak beste, Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Haxotz, Korrontzi, Rafa Rueda, Basabi, Gatibu, Hibai, Trikidantz, Kohatu, Pantxix Bidart, Peio eta Itsua, Roberto eta Miren Etxebarria, XSakara edo Maria Rivero musikari eta taldeek zapalduko dute bertako oholtza.

Landakon, berriz, literatur solasaldiei gordeko zaie lekua, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña eta Danele Sarriugarte lagun. Ipuin kontalariak eta haurrei zuzendutako beste hamaika jarduera ere izango dira bertan.

Lehenengo egun honi dagokionez, urtero bezala, ikasleei eskaini diete irekiera eguneko goiza. Nolanahi dela, aurten, Durangoko ikasleek soilik izango dute Azoka bisitatzeko aukera. Gainerakoek Internet bidez ikusi beharko dituzte goizeko saioak.

Arratsaldeko hasiera ekitaldian, bestalde, Eusko Jaurlaritzako, Durangoko Udaleko eta foru aldundietako ordezkariek hartuko dute parte, bai eta Kirmen Uribe idazleak (New Yorketik), Xabier Madariaga kazetariak eta Eñaut Elorrieta musikariak ere.

Goizean, DA! PRO ekimenaren bigarren edizioa ere egingo dute, Musika Bulegoaren laguntzarekin. 15 taldek lan berriak aurkeztuko dituzte musika industrian aditu direnen aurrean.

Plateruena Antzokiak Kai Nakairen emanaldia hartuko du; Azokan iaz Sormen Beka eskuratu zuen artistaren aurkezpen kontzertua, hain zuzen.

"Zu non, han DA!zikloa da aurtengo beste nobedadeetako bat. Euskal musikak ekarritako kanturik berrienak herriz herri zabalduko dituen ekimen honek sarrerak agortu ditu dagoeneko Atarrabiako Totem aretoan eta Donostiako Dokan. Bilbon ere, ez da Zea Mays eta Ene Kantak ikusteko sarrerarik geratzen; ezta Amurrion eta Gasteizen ere.

Kontrara, oraindik badira sarrerak beste zenbait emanalditarako: Sara Zozaya, Amurrion; Sua eta Gatiburen bigarren kontzertua, Azpeitian; Gatom, J Martina, Joseba Irazoki eta Inoren Ero Ni, Bermeon; Nogen, Bermeon; Amorante eta Moxal, Gasteizen, eta Dupla, Nikotina, Patxuko Nice eta Ezpalak, Ondarroan.

Abenduaren 4ko programazioa hemen kontsulta dezakezue.