Korrika 2024
Korrika
Korrikaren historia: ibilbideak eta leloak
EITB MEDIA
Korrikaren 22. edizioak Amurrio eta Donostia lotuko ditu. Martxoaren 31n abiatuko da Arabako herri horretatik, eta apirilaren 10ean amaitu, Gipuzkoako hiriburuan. Aurtengo leloa: "Hitzekin".
-
Korrikako parte-hartzaileak
1.KORRIKA: "Zuek ere esan bai euskarari" izan zen lehenengo edizioaren leloa, 1980an. Oñatin hasi eta Bilbon bukatu zen, orduan, Korrika. Zortzi egunez, azaroaren 29tik abenduaren 7ra, Euskal Herri osoa zeharkatu zuen. Milaka lagun atera ziren kalera, euskara defendatzera.
2.KORRIKA: Iruñetik abiatu zen 1982ko edizioa, eta Donostian amaitu zen. Orduko hartan, "AEK, euskararen alternatiba herritarra eta Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde" izan zuen lelotzat Korrikak.
3.KORRIKA: 1983an, abenduaren 3an eman zioten hasiera euskararen aldeko lasterketari Baionan. "Euskaraz eta kitto" leloari eutsita, Bilbora heldu zen zortzi egun geroago (abenduaren 11n).
4.KORRIKA: "Herri bat, hizkuntza bat" izan zen laugarren Korrikaren aldarrikapena. Maiatzaren 31tik ekainaren 9ra egin zuten 1985eko Korrika, Atharratzetik Iruñera.
5.KORRIKA: 1987ko apirilaren 3tik 12ra, Hendaia eta Bilbo elkartu zituen. "Euskara, zeurea" leloa entzun zen, orduan, Euskal Herri osoan.
6.KORRIKA: Lekukoa eskurik esku ibili zen Iruñetik Donostiara arte, apirilaren 14tik 23ra, 1989an. Hauxe izan zen leloa: "Euskara korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK".
7.KORRIKA: 1991ko martxoaren 15etik 24ra, Gasteiztik Baionara arteko bidea egin zuen. Zazpigarren edizioan "Korrika euskara, Euskaraz Euskal Herria" leloa nagusitu zen.
8.KORRIKA: 1993an, martxoaren 26tik apirilaren 4ra, Iruñea eta Bilbo arteko ibilbidea euskaltzalez jantzi zen, "Denok maite dugu gure herria euskaraz" lelopean.
9.KORRIKA: Bederatzigarren edizioa martxoaren 17tik 26ra egin zuten, 1995. urtean. Donibane Garazin hasi eta Gasteizen bukatu zen Korrika, "Jalgi hadi euskaraz" leloarekin.
10.KORRIKA: "Euskal Herria Korrika" leloa aukeratu zuten hamargarren ediziorako. Martxoaren 14tik 23ra zutik jarri zen Euskal Herria, Arantzazuko santutegitik (Oñati) Bilbora arteko bidea egiteko.
11.KORRIKA: 1999an, martxoaren 19tik 28ra, euskararen aldeko ekimenak Iruñean izan zuen irteera, eta Donostian, helmuga, "Zu eta Ni euskaraz" lelopean.
12.KORRIKA: Gasteiztik Baionara egin zuten Korrika 2001ean, martxoaren 29tik apirilaren 8ra. "Mundu bat euskarara bildu" izan zen orduko aldarria.
13.KORRIKA: "Herri bat geroa lantzen" eslogana lagun, Mauletik ekin zioten martxari apirilaren 4an, bederatzi egun geroago (apirilaren 13an) Iruñean bukatzeko.
14.KORRIKA: 2005ean Orreagatik Bilbora egin zuten lasterka Korrikako parte-hartzaileek, martxoaren 10etik 20ra. "Euskal Herria euskalduntzen, ni ere bai" leloa hautatu zuten antolatzaileek.
15.KORRIKA: "Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari" garrasi eginez egin zuten Karrantza eta Iruñea arteko bidea korrikalariek, 2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era.
16.KORRIKA: Hamaseigarren edizioak "Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira" leloak agindu zuen. Tutera eta Gasteiz elkartzeko hamaika egun behar izan zituzten: martxoaren 26tik apirilaren 5era.
17.KORRIKA: Trebiñun entzun zen "Maitatu, ikasi, ari… euskalakari" leloa estreinakoz, apirilaren 7an, eta Donostiara heldu arte, hots, apirilaren 17ra arte, horixe oihukatu zuten euskararen aldeko lasterketan parte hartu zutenek.
18.KORRIKA: 2013an Andoainen eman zituen lehenengo pausuak Korrikak, martxoaren 14an. Azkenek, berriz, Baiona zapaldu zuten martxoaren 24an, "Eman Euskara Elkarri" leloa lagun.
19.KORRIKA: "Euskahaldun" izan zen 2015eko leloa. Lasterketa Urepeletik abiatu zen martxoaren 19an, eta Bilbon amaitu zen hamaika egun geroago.
20. KORRIKA: "Batzuk" leloa hartuta, 2017ko edizioak Otxandio eta Iruñea lotu zituen apirilaren 30etik apirilaren 9ra.
21. KORRIKA: Garesen abiatu eta Gasteizen amaitu zen ibilbidea 2019an. Maialen Lujanbio bertsolariak idatzi zuen azken mezua: 'Klika'.
22. KORRIKA: Amurrion abiatuko da 22. Korrika martxoaren 31n, eta Donostian amaitu, apirilaren 10ean. Leloa: "Hitzekin".