Itxi

2019/04/02

13:04

Korrika 2022

Programazio berezia

Korrikaren atzetik, Garestik Gasteiza, EiTBko hedabide guztiak

EiTB

ETBk, EiTB Taldeko irratiek eta eitb.eus-ek, gainerako euskal hedabideekin elkarlanean, zuzenean emango dituzte abiatze ekitaldia, Garestik, apirilaren 4an, eta amaierakoa, Gasteiztik, hilaren 14an.

1:32
Korrika, EiTBn
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Apirilaren 4tik 14ra bitartean, Korrikaren urratsak jarraituko dituzte EiTBko hedabide guztiek (ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus) saio, tarte berezi eta zuzeneko emanaldien bidez. Klika lelopean AEK-k antolatutako 21. Korrikaren jarraipena aurkeztu dute astearte honetan Gasteizen Edu Barinaga ETBren zuzendariak, Asier Amondo Korrikaren arduradunak, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak, Iñako Gurrutxaga eitb.eus-eko Edukien buruak eta Ilaski Serrano, Irati Sarasua, Nerea Alias eta Nahiara Gago kazetariek.

Korrikari hedabideetan leihoa zabaltzeaz gainera, EiTB Taldeak bere kilometroa izango du lasterketan, 1747 zenbakiduna, hain zuzen ere. Apirilaren 11n, ostegunez, Bilbora iristen den egunean, hartuko dute EiTBko ordezkariek lekukoa, Poza Lizentziatuaren kalearen sarreran, 15:10ean.

Korrika, ETBn

Aurten ere, euskal hedabideek elkarlanean egingo dute Garestik zuzeneko emanaldia, eta baita amaierakoa ere, Gasteiztik. ETB1en, 16:10etik aurrera egingo dute bat abiatzeko ekitaldiarekin, eta 10 egun geroago, ETB2n, lasterketaren amaierako jai giroa eta 11 egunez lekukoaren barruan gordeta egon den adierazpenaren irakurketa zuzen-zuzenean eskainiko dute. ETBk Berria, Goiena, Hamaika Telebista, Kanaldude, Tokikom eta Xaloa Telebistarekin batera egingo ditu gonbidatu garrantzitsuak eta zuzeneko giroa bilduko dituzten saioak.

Halaber, ETB1ek 'Badator Korrika' eguneroko saioa eskainiko du ibilbidea bertatik bertara jarraitzeko, apirilaren 4an hasi eta 13ra bitartean. Euskararen aldeko herri ekimen honek Euskal Herriko herrietan pizten duen giroa islatu, eta lasterketan bertan parte hartuko dutenen emozioak eta sentipenak batzea izango du helburu. Programaren aurkezlea, Ilaski Serrano, telebistako set mugikor batean izango da gauero, momentu horretan Korrika jasotzen duen edo hartzeko prest dagoen herrian. Sortuko den giroa erakusteko, zain dauden biztanleen eta lasterketan parte hartuko duten herri horretako zenbait herritarren bizipenak eta sentipenak jasoko ditu Ilaskik.

Berebat, aurkezleak lasterketan egongo den erreportariarekin, Irati Sarasuarekin, bat egingo du, eta honek, korrika, bertan parte hartzen duten zenbait pertsona zuzenean elkarrizketatuko ditu. Horietako asko anonimoak izango dira, baina aurpegi ezagunak ere egongo dira (aktoreak, kirolariak, idazleak, EiTBko aurpegi ezagunak eta abar). Iratik lasterketaren barruan bizi den giro atsegin eta pozgarria islatuko du. Korrikak daukan ahaleginaren epika, batez ere, jende gutxi bizi den guneetatik pasatzen denean hurbilduko dio ikus-entzuleari.

Horrez gain, 'Gure Kasa' saioa ere Korrikari batuko zaio. Bi saio berezi prestatzen ari dira Korrikaren inguruan: apirilaren 4an lehenengoa, eta apirilaren 11n bigarrena. 21:45ean hasi eta 23:15 arte, zuzen-zuzenean, Korrikarekin bat egingo dute Julen eta Antton Telleriak. Korrika, saioaren ardatz bihurtuko da.

Apirilaren 4an, besteak beste, Martxelo Otamendi, Gozategi taldea eta Xabier Saldias izango dituzte platoan. Korrikaren hasiera, ibilbidea eta bakoitzak urte hauetan izan duen betebeharra errepasatuko dituzte. Korrikaren abesti mitikoak ere gogoratuko dituzte zuzenean, protagonisten laguntzaz.Gainera, Urtsa Errazti lehen Korrikaren arduraduna platoan izango da. Halaber, Maddalen Arzallus Garesen izango da Hitzen zaindaria tartearekin, euskarak bertan duen egoera, bertako hitzak eta esaera zaharrak ezagutzeko asmoz. Nahiara Gago ere Korrikan murgilduko da hamaika egunez; Garesen emango ditu Korrikaren lehen pausoak, eta bertako euskaltzaleekin izango da. Gauean, Korrikan ikusiko dugu Allo eta Lodosa bitartean, eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzailearekin izango da zuzenean. Asier Amondo Korrikako arduraduna ere Nahiararekin izango da lehen egun honetan. Bestalde, Iñigo Vicensek korrika egin aurretik eta ondoren kontuan izan behar ditugun gomendioak azalduko ditu. Asisko Urmenetak ere bere errotuladoreak lanean jarriko ditu, eta Nerea Aliasek ETBko artxiboan aurkitu dituen Korrikako irudi bitxienak erakutsiko ditu.

Apirilaren 11ko 'Gure Kasa' saio berezian, Korrikak Bilbo hirian osatuko duen ibilbideko hainbat pasarte erakutsiko dizkigu Nahiara Gagok: EiTBko lankideen kilometroa, Athletic futbol taldeko ordezkariena… Astean zehar, Korrika pasatu den Euskal Herriko hainbat txokotan grabatutako erreportajeak ere erakutsiko ditu. Gainera, korrikan ikusiko dugu zuzenean, programako zenbait kolaboratzailerekin batera (Iban Garcia, Onintza Enbeita, Maddalen Arzallus, Iñigo Vicens, Jon Gotzon Aldaparena, Jon Garate, Aitor Frantsesena eta Asisko Urmeneta), 'Gure Kasa'k erosi duen kilometroa egiten. Ondoren, protagonista horiek guztiak Nerea Aliasi batuko zaizkio Gernika erdialdean kokatutako estudio mugikorrera. Bertara hurbiltzen diren ikusleekin batera, ikuskizun paregabea egingo dute zuzen-zuzenean.

Saio bereziok ez ezik, albistegiek eta aktualitate saioek ere arreta bereziz jarraituko dute lasterketa. Jazoera nabarmenei erreparatuko diete, eta, batez ere, hiriburuetara iristen denekoa kontatuko dute.

Korrika, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean

EiTBko irratiei dagokienez, apirilaren 4an Euskadi Irratiak elkarlanean emango du hasieraren berri, gainerako euskarazko irratiekin: Euskalerria Irratia, Bizkaia Irratia, Euskal Irratiak eta Arrosa Sarea. Amaia Artetxek (Euskadi Irratia) eta Reyes Ilintxetak (Euskalerria Irratia) gidatuko dute 16:30 eta 17:30 bitartean egingo den saioa.

Gares eta, oro har, Izarbeibar ezagutzeko baliatuko dute saioa, bertan euskarak bizi duen egoeraren berri izateko. Bertaratzen diren agintari eta jende ezagunaren hitzak bilduko dituzte, eta Korrikari hasiera emango dion ekitaldia zuzenean entzun ahalko dugu. Lekukoak Garesko zubi ezaguna igaro eta Euskal Herriko bideetan barrena emango dituen lehen kilometroak zuzenean jarraituko ditugu.

Radio Euskadin, berriz, zuzeneko konexioak izango dira 16:00etatik aurrera Garesekin, prestaketen berri izateko. 'Graffiti' saioak bere ordutegia aurreratuko du eta 16:45ean hasiko da, Korrikaren abiatze ekitaldiaren berri zuzenean emateko. Bertako kideek karabanarekin batera egingo dituzte lehenengo kilometroak.

Apirilaren 14an, Korrikaren amaierako ekitaldian Euskadi Irratian eskainiko da, berriz ere euskarazko irrati guztiekin elkarlanean. Euskadi Irratia eta Alea FM izango dira gidari 12:00etatik 13:00etara bitarteko emankizunean. Ordutegi bera izango du Radio Euskadin eta Radio Vitorian batera egingo den saio bereziak. Bego Yebra, Goizalde Landabaso eta Raquel Navarro lankideek emango dute Gasteizen gertatzen den guztiaren berri.

Korrika errepideetan dabilen bitartean, orobat, egunean zehar, konexioak egingo dira Korrikaren furgonetarekin, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean. Albistegietan ere, jarraipena egingo zaio, arreta berezia eskainiz hiriburuetara iritsiko den egunetan.

Korrika, eitb.eus-en

eitb.eus-ek ahalegin garrantzitsua egingo du Korrikaren edizio honetan; izan ere, 24 orduz emango du lasterketaren berri streaming bidez. Orobat, orain arte bezala, atari berezia prestatu dute Korrikaren jarraipena egiteko. Bertan topa daitezke ibilbidearen nondik norakoak, lasterketaren inguruko berri guztiak, bideoklipak, bideo eta argazki onenak eta abar. Gainera, telebistako emanaldi guztiak (hasierako eta amaierako ekitaldiak, 'Badator Korrika' eta 'Gure Kasa' saio bereziak) webgunean zuzenean jarraitu ahal izango ditugu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;