Itxi

Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

BADATOR KORRIKA!

Korrika abiatzeko ekitaldiaren jarraipena gaur arratsaldean, EITBn, Garestik zuzenean

EiTB

Herriko plazatik zuzenean emango dute euskal hedabideek elkarlanean Korrikaren 21. edizioaren berri, bertako giroa islatuz eta protagonistak elkarrizketatuz, 16:10etik aurrera.

0:23
Korrikaren 21. edizioa.

Aurten ere, zuzenean emango dute ETBk, EiTB Taldeko irratiek eta eitb.eus-ek, gainerako euskal hedabideekin elkarlanean, gaur bertan Garestik Gasteiza abiatuko den Korrika.

ETB1en, 16:10ean hasiko dute saioa, 17:20 arte. Ilaski Serrano (ETB) eta Naroa Iturri (Hamaika Telebista) kazetariek aurkeztuko dute, eta beste hedabide batzuetako lankideak izango dituzte beraiekin : Ion Orzaiz (Berria), Amaia Txintxurreta (Goiena), Pantxika Maitia (Kanaldude) eta Julen Iriondo (Infosare).

Garesko plazan izango diren gonbidatuen artean, berriz, hauek izango dira: Asier Amondo eta Mertxe Mugika AEK-ko kideak, Urtsa Errasti (Korrikaren sortzaileetako bat), Julio Soto Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Oihan Mendo Garesko alkatea eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria. Hainbat euskaltzale eta lekukoa lehen kilometroan eramango dutenak ere pasatuko dira mikrofono aurretik.

EiTBko irratiei dagokienez, gaur Euskadi Irratiak emango du hasieraren berri, 16:30etik 17:30era, euskarazko irrati hauek lagun dituela: Euskalerria Irratia, Bizkaia Irratia, Euskal Irratiak eta Arrosa Irrati Sarea. Amaia Artetxe (Euskadi Irratia) eta Reyes Ilintxeta (Euskalerria Irratia) kazetariek gidatuko dute saioa.

Gares udalerria eta, oro har, Izarbeibar eskualdea ezagutzeko baliatuko dute saioa, eta euskarak bertan duen egoeraren berri jasotzeko. Bertaratzen diren agintari eta pertsona ezagunen hitzak bilduko dituzte, eta Korrikari hasiera emango dion ekitaldia zuzenean entzun ahalko dugu. Lehenengo kilometroak ere, lekukoak Garesko zubi ezaguna igaro eta Euskal Herriko errepideetan barrena egiten dituen lehenbizikoak, zuzenean entzungo ditugu.

Radio Euskadin, zuzeneko konexioak egingo dituzte 16:00etatik aurrera Garesen izango diren lankideekin, prestaketen berri izateko. 'Graffiti' saioak bere ordutegia aurreratuko du eta 16:45ean hasiko da, Korrikaren hasieraren berri zuzenean emateko. Saioko kideek karabanarekin batera egingo dituzte lehenengo kilometroak.

Gazteak ere zuzenean egingo du bat Korrika abiatzeko ekitaldiarekin 'Gaztea Box' saioan, bertako giroaren berri emateko, eta Korrikaren nondik norakoen berri emango du egunero sare sozialetan.

eitb.eus-ek ahalegin handia egingo du Korrikaren edizio honetan, streaming bidez 24 orduz lasterketaren berri emango baitu. Orobat, orain arte bezala, atari berezia prestatu dute Korrikaren jarraipena egiteko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena