Itxi

Korrika 2024

Korrika 2024

Korrika 2024

KORRIKA 22

Amondo: "Korrikak duen sen bateratzailea artikulatzen asmatu behar dugu"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Biharko festaren atarian, urduri bezain gogotsu harrapatu ditugu Korrikako antolatzaileak. Amaiera festaz gozatzea nahi dute, biharamoneko egitekoak ahaztu gabe. Aspaldiko indar erakustaldi honen giharrari nola eutsi. Hori da erronka.

  • Asier Amondo, Amurrion, Korrika abiatu zen egunean. Argazkia: EITB Media

    Asier Amondo, Amurrion, Korrika abiatu zen egunean. Argazkia: EITB Media

Euskal Herria alderik alde zeharkatuta, eta 2.180 kilometro egin ondoren, igandean iritsiko da Korrika helmugara, Donostiara. Handia izaten ari da aurtengoa, eta amaiera ere halakoa izatea espero dute antolatzaileek. Pandemiak euskara are egoera zaurgarriagoan utzi duen honetan, euskarak euskaldun proaktiboak behar dituela aldarrikatu dute bazterrik bazter, 'HitzEkin' leloaren bidez.

Amurrion duela bederatzi egun abiatu bazen ere, askoz lehenago hasi zen lasterketa Asier Amondo Korrikaren koordinatzailearentzat eta haren lankideentzat. Zurrunbilo gozo batean atzera eta aurrera dabiltza egunotan, asteko zein egunetan eta zein ordutan bizi diren ia jakin gabe. Azken txanpara olatu gaineko aparretan iritsiko direla besterik ez dakite, eta olatu horri astelehenetik aurrera nola eutsi da buruan duten erronka nagusia. "Korrikak ez du euskara salbatuko", esan du Amondok, "baina Korrikak duen sen bateratzailea artikulatzen asmatu behar dugu, bakoitzak beretik, bere abiaduran, euskararen aldeko urratsak egin ditzan eta euskarak espazio berriak bereganatu ditzan".

Azken kilometroen atarian, zein da antolatzaileon sentsazioa?

Sentsazio oso onarekin heldu gara azken txanpara. Aurretik ere ikusten genuen aurtengoa berezia zela, eta hala ari da izaten. Korrika hau handia izaten ari da. Herritarrak gogotsu zeudela sumatzen genuen, Korrika-gose handia igartzen genuen, errepideak eta plazak hartzeko irrikaz zegoen jendea. Orain arteko bidea ikusita, aurtengo Korrikak maila bat gora egingo duela uste dugu, eta gure irudipena da Korrika handia egin dugula. Adibidez, aurreko asteko irudiak izugarriak izan ziren, elurretan eta gauez. Benetan harrigarria izan zen nola atera ahal izan genuen Korrika aurrera baldintza horietan. Oso pozik eta harro gaude.

Korrika guztiak dira bereziak, baina zerk egin du are bereziago aurtengoa?

Guretzat erabaki oso traumatikoa izan zen iaz Korrika bertan behera utzi behar izatea. Pandemia baten ondoren iritsi da aurtengo Korrika, euskarari kalte handia egin dion pandemia batetik, euskara are egoera zaurgarriagoan utzi du. Hori dela eta, euskararen aldarria zabaltzeko gogoa inoiz baino handiago dela sumatzen dugu. Etxean sartuta egon dira herritarrak hilabete askoan, eta euskara erabiltzeko espazioak galdu dituzte. Ume askok eskolan bakarrik dute euskara erabiltzeko aukera, eta hori ere galdu egin zuten pandemian. Orain, euskarak berriro kaleak hartu behar ditu, hori da erronka.

Azkenekoz 2011n amaitu zen Donostian Korrika. Handia izan zen egun hura, eta aurtengoak ere kolosala izateko itxura osoa du. Nolako amaiera aurreikusten duzue?

Festa ederra prestatu dugu. Adin guztietako herritarrentzat egongo da eskaintza zabala. Denentzako eta denetarik. Nolabait esan dezakegu pandemia aurreko normaltasuna berreskuratuko dugula. Jakin badakigu jendetza bilduko dela Donostian. Herri askotan autobusak antolatzen ari dira, eta, eguraldia lagun, Korrikak amaiera paregabea izango du.

Korrikaren amaiera guztiak dira bereziak, eta aurtengoa ere hala izango da. Ondorengo festa Donostiako gune ezberdinetan banatuta egongo da, eta denentzako lekua izango da. Antolatzaileon partetik, herritarrei furgonetatik behin eta berriz esaten ari garena eskatuko nieke: jendeak bere burua zaindu dezala, eta ondoan duena ere bai.

Kontsultatu, hemen, egitarau osoa

Pirritx, Porrotx eta Marimotots  dira aurtengo omenduak, euskararen aldeko eragile aktibo izateagatik eta transmisioan egindako lanagatik.  Bi norabidetako transmisioan jarri duzue azpimarra: goitik beherakoan  eta behetik gorakoan.

Bai, dudarik gabe. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 34 urteko ibilbidea egin dute euskalgintzan. Euskara hutsean aritu dira urte horietan guztietan, eta modu transbertsalean erabili dute hizkuntza, gai ugari landuz. Omenaldia merezi zutela argi geneukan, batez ere, transmisioan asko egin dutelako: umeengandik gurasoengana eta gurasoengandik umeengana. Euskara bi norabidetan erabiltzea ahalbidetu dute, euren ikuskizunekin. 

'HitzEkin' leloaren bidez,  euskarak euskaldun aktiboak behar dituela aldarrikatu nahi duzue, konbentzimendutik ekintzara jauzi egingo dutenak. Espazio berrietara iritsi behar du euskarak, baina nola?

Bai, hitzetatik ekintzetara igarotzeko ordua da. Hitzek egiten dute hizkuntza, eta ekintzek egingo dute euskarak bizirik jarraitzea. Nork bere arlotik eta nork bere abiaduran, azkarra bada hobeto, bilatu behar dugu zeintzuk diren euskaldundu behar ditugun espazio berri horiek.  Espazio askotara ekarri behar da euskara, baina bi oso argi ditugu: aisialdiarena eta lan munduarena. Batetik, oso garrantzitsua da herritarrek euren aisialdian euskaraz aritzeko guneak izatea, eta, bestetik, lan mundua euskalduntzea da parez pare dugun erronka nagusietako bat. Gazteek lan mundura salto egiten dutenean, mundu horrek erdaraz funtzionatzen du, euskarak oso presentzia txikia du. Espazio horietan euskarak bere lekua izatea lortu behar dugu.

Bide horretan, Korrikak badu oso ekimen gutxik duten sen bateratzailea.

Zubigintza, elkarlana eta auzolana dira Korrikaren ardatzak. Sorreratik, ahalik eta eragile gehien ekimenera batzea da Korrikaren helburua. Kolore, forma eta izaera guztietako eragileen topaleku izatea bilatzen dugu. Bilatu bakarrik ez, lortu ere lortzen dugu! Korrikak ezin du bere sen integratzaile hori galdu, hori da bere ikur nagusietakoa.

Hain zuzen, euskarari bizirik eutsi nahi badiogu, urratsak denon artean egin behar ditugu, partaide bakoitza da garrantzitsua bide horretan. Bakoitza bere abiaduran joango da, baina denon inplikazioa ezinbestekoa da, elkar zainduz eta elkar elikatuz

Igaroko da Korrika, jaitsiko da aparra, eta astelehenetik aurrera nola eutsiko zaio indar erakustaldi honen giharrari?

Astelehenetik aurrera, denok geure buruari begiratu eta gogoeta egin beharko dugu: hartu dut parte ekimen zoragarri honetan, eta orain, zer egin dezaket nik euskararen alde? Galdera hori egin beharko liokete euren buruari herritarrek, erakundeek, enpresek eta Korrikan parte hartu duten gainerako talde guztiek. Euskarak aurrera egin dezan, bakoitzak bere esparruan egin behar ditu urratsak. Bakoitzak berean konpromisoak hartu beharko ditugu, euskararen etorkizuna bermatu nahi bada. Gauza bat argi dago: Korrikak ez du euskara salbatuko. Herritar guztion egunerako lana da euskararen etorkizuna bermatuko duena, eta guztiok elkarlanean eta auzolanean egin beharko dugu bide hori. Maila pertsonalean eta kolektiboan egin behar dugu aurrera.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena