Itxi

Literatura

Poesia

Miren Agur Meabek Espainiako Poesiaren Saria irabazi du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

"Nola gorde errautsa kolkoan" langatik saritu dute idazle lekeitiarra. Golardo hori lortzen duen lehen poeta euskalduna da eta "harro" agertu da horregatik.

1:33
Miren Agur Meabe

Miren Agur Meabek poetak irabazi du 2021eko Espainiako Poesiaren Saria, 'Nola gorde errautsa kolkoan' lanagatik. Hamarkada bat eman du poema-liburua idazten.

Desioari, heriotzari, nostalgiari eta denboraren joanari buruz hitzen bidez egiten dituen gogoetak nabarmendu ditu epaimahaiak. Halaber,   

"Kontrapuntu gisa, dimentsio ironikoa eskaintzen du bere hizkuntzan eta islatzen duen jarreran. Hamar urtean zehar egina, urteen joanaren garraztasuna eta bizitasun eta freskotasun hautsezina maisuki biltzen ditu", adierazi du epaimahaiak.

Meabe pozarren eta urduri agertu da sariagatik. Kontatu duenez, Miquel Iceta Kultura ministroak eman dio berrio ona, sukaldean zartagina sutan zuela.  

"Hankak dardarka jarri zaizkit eta oso eskertua sentitu naiz. Nire arbasoen argazki bat daukat zuri-beltzean etxeko pasilloan eta egin dudana lehendabiziko gauza argazki horri musu ematea izan da", kontatu du.  

Sari honek bere bizitza justifikatu duela adierazi du. "Lanpostua utzi nuen idazle izateko eta ahalegin hori irakurleen babesak konpentsatu du, baina sari honek beste dimentsio bat dauka, opari bat da niretzako eta nire senideentzako", aitortu du.

Horrez gain, sari hori "euskararentzat errekonozimendu garrantzitsua" dela azpimarratu du eta erantsi du "harro" dagoela Espainiako Poesia Saria irabazten duen lehen euskalduna delako. Aurrez, Bernardo Atxagak, Unai Elorriagak eta Kirmen Uribek lortu zuten aipatu golardoa, baina narratibaren sailean.  

"Oso hunkigarria da sari hau Euskal Herrira eta, nola ez, Lekeitiora ekartzen duen lehen emakumea izatea", berretsi du.  

Biografia

Miren Agur Meabe idazle eta itzultzailea Lekeition jaio zen, 1962an. Irakasle diplomatu zen, Gizarte Zientzietako espezialitatean, eta Euskal Filologian lizentziatu. Giltza-Edebe taldean argitalpen zuzendaritza eta kudeaketan aritu da. Euskaltzaina da 2006tik.

Batez ere poesia eta haur literatura idatzi ditu. Helduentzako narrazioak ere landu ditu. 'Azalaren kodea' poema liburuak Espainiako Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen 2000n, eta 2010ean argitaratu zuen 'Bitsa eskuetan' poema bildumak euskarazko Poesia Kritikaren Saria.

2002. urtean Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuen 'Itsaslabarreko Etxea' lanari esker, baita 2007an ere, 'Urtebete itsasargian' obrarekin. Prosa eta poesia uztartzen dituen 'Mila magnolia-lore' (2010) bilduma IBBY erakundearen Ohorezko Zerrendan sartu zuten, eta hurrengo urtean Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuen berriro 'Errepidea' lanari esker. 2020an 'Begiak zerumugan' kaleratu zuen.