Musika
Urriak 30-31
Supersubmarina, Nathan Fake eta Mamba Beat ere, BIME Liven
Erredakzioa
Jaengo indie-ak, musika elektronikoa egiten duen britainiar artista eta bilbotar taldearen erritmo funkyak entzun ahal izango dira BEC Barakaldoko erakustazokak hartuko duen jaialdian.
-
Supersubmarina
Hiru talde gehiagoren izena gehitu diote BIME Live jaialdiko kartelari, gaur iragarri dutenez. BECek urriaren 30 eta 31n hartuko duen jaialdian, Supersubmarina, Nathan Fake eta Mamba Beat egongo dira.
BIME Liveren, BIME musika industriaren topagunearen programazioaren baitan egiten den kontzertu sortaren, eskaintzaren beste izen batzuk aurretik iragarri dituzte: Imagine Dragons (larunbateko kartelburua izango da), Michael Kiwanuka, Matthew E. White eta Iron Wine, besteak beste.
Supersubmarina Jaengoak, andaluziarrak, dira, eta indie-aren zirkuituan bere tokia egin dute azken urteetan Estatu mailan. Hiru disko kaleratu dituzte dagoeneko, eta jarraitzaileak batu eta batu ari dira etengabe. Electroviral lehenengo diskoa 2010ean atera zuten, eta Santacruz haren jarraipenak, bigarren lanak, eman zien bultzada behin betikoa. BECen, Viento de cara estudioko hirugarren diskoa aurkeztuko dute.
Nathan Fake britainiarra heavy metala entzuten hazi zen, eta nerabezaroan trance musikarekin zaletu zen. Fakek 1999an debutatu zuen, eta, 2004an, “The Sky Was Pink” kantuaren nahasketa berri batek elektronikaren nazioarteko underground eszenaren ateak zabaldu zizkion.
Mamba Beatek 2007an atera zuen lehen diskoa, eta laugarrena prestatzeko lanean ari dira egun. Erritmo funky biziak eta elektronikoak nahasten dituzte.