Itxi

kultura

Bermeo

'Game of Thrones'ek Gaztelugatx ingurua hautatu du grabaketarako

Eitb.eus

Filmazioa urrian hasiko dute, eta, zeregin horretarako, 400 pertsonako talde teknikoa etorriko da Bermeora.

  • Gaztelugatx. Argazkia: Pedro Luis Ajuriagerra

    Gaztelugatx. Argazkia: Pedro Luis Ajuriagerra

Bermeoko Udalak baieztatu duenez, Gaztelugatx da HBO telebista-kate estatubatuarrak herrian "Game of Thrones" filmatzeko hautatutako lekua. Atzo baieztatu zen telesail ospetsuaren zazpigarren denboraldia besteak beste herri bizkaitarrean eta Zumaian filmatuko dutela.

Irune Ormaetxea Turismo zinegotziak azaldu duenez, telesaila filmatzeko 400 pertsonako talde teknikoa etorriko da Bermeora.

Horren esanetan, "sinestezina eta aparta" da HBOk Bermeo hautatu izana. "Duela hilabete batzuk, aukera hori zegoela esan zigutenean, harrituta geratu ginen, eta azkenean, baieztatu zigutenean, oso pozik jarri ginen”, adierazi du.

Ormaetxeak zehaztu duenez, HBOk Estatuan duen ekoiztetxeak "kostalde osoa" bisitatu du, eta, Bermeon, leku ugari ikusi dituzte. "Baldintza eta eszena zehatzak zituzten, eta hainbat toki proposatu genizkien". "Jendea ez da ohartu amerikarrak hemendik zeudela eta hondartzara jaisten zirela". "Azkenean, leku bakarra hautatu dute [Bermeon], baina ikusgarria, Gaztelugatx oso berezia baita, ez dago antzekorik mundo osoan", esan du.

Udalak ezin du zehaztasun gehiagorik eman, konfidentzialtasun akordioa dutelako, baina filmazioa urrian hasiko dela aurreratu du zinegotziak, Zumaian bezala, "negu giroa behar baitute".

Ormaetxeak goratu du HBOren erabakiak "munduratu" egingo duela Bermeo, eta aipatu du Saudi Arabiatik ere deitu dietela. "Mundu guztian ikusi gaituzte, eta hori oso garrantzitsua da, ez bakarrik Bermeorentzat, baizik eta Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat ere bai".

"Filmazio lekuetako bat izatea ikaragarria da, ziur gaude zale asko etorriko direla Gaztelugatxera", nabarmendu du.

Bilboko Udala eta Aldundia, pozik

Bestalde, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak txalotu egin dute telesailaren erabakia, Bilbok eta Bizkaiak ikus-entzunezkoen ekoizpenean duten indarra eta erakargarritasuna aitortzen duelako.

Kasu honetan, Gaztelugatxen nortasuna eta berezitasunak erakarri omen ditu HBO kateko ekoizleak, milioika jarraitzaile dituen telesailaren atal berriak grabatzeko.

Asier Alea Bizkaiko Aldundiko Sustapen Ekonomikorako zuzendariak azaldu duenez, "HBO telebista kateak eta bere telesail izarrak gure artean grabaketak egiten denboraldi bat igarotzea guztiok eta Bilbao Bizkaia Film Commission zoriontzeko modukoa da".

Sekretupean izan dute 'Game of Thrones'ek Bermeon grabaketak egingo zituela, baina azkenean baieztatzea erabaki zuten atzo, filtrazioak eta espekulazioak saihesteko.

"600">

"600">

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena