Itxi

kultura

Jaialdia

Bilbo, Kobetan lau egunez musika eta musikazaleak hartzeko prest

eitb.eus

Ostegunetik igandera, Bizkaiko hiriburuak Bilbao BBK Live jaialdiko hiru gauak eta, igandearekin, Berri Txarrak Lagunartean kontzertua hartuko ditu Kobetan.

  • Bilbao BBK Live

    Antolatzaileek jaialdira garaiz bertaratzeko deia egin dute

Bilbo prest dago, beste urte batez, uztaileko bigarren asteburuan Euskal Herriko musikaren hiriburua izateko. Uztailaren 11, 12 eta 13an, 100 artista eta taldek baino gehiagok beren eskaintza taularatuko dute Bilbao BBK Live jaialdiaren hamalaugarren edizioan, eta aurten, gainera, egun bat luzatuko da musika eskaintza, Berri Txarrak taldeak emanaldi jendetsua eskainiko baitu igandean, hilak 14, eremu berean, agur-biraren barruan.

Aurten ere, doako autobusek garraiatuko dituzte musikazaleak etengabe Kobetamendira, nola San Mamesetik hala BECetik, eta handik bueltan, eta antolatzaileek gogora ekarri dute 16:00etatik aurrera Beyenaren fabrika zaharrean ezarriko dutela Kobetako geltokia, jaialdiaren eremutik hamabost bat minutura oinez.

Berri Txarraken kontzerturako autobusak, bestalde, 16:00etan jarriko dira martxan.

Ibilgailu pribatuek asteazkeneko, uztailak 10, 11:30etik asteleheneko 04:00ak arte izango dute mugatuta joan-etorria Basurtu-Kastrexeana errepideko bidegurutzetik Kobeta mendi eta Altamirako erretegiraino.

Eskumuturrekoa, autobusa hartu aurretik

Iaz bezala, Bilbao BBK Live jaialdira sartzeko eskumuturrekoa eremura igo aurretik hartu beharko da, sarreraren truke, San Mames estadioaren barruan (Athleticek gune bat atondu du horretarako) edo BECen.

Igandean, Berri Txarraken kontzerturako, ez da eskumuturrik hartu beharko, eta sarrera aldean dela soilik igo beharko da Kobetara, antolatzaileek azaldu digutenez.

Metro zerbitzu berezia

Metro Bilbaok zerbitzu berezia eskainiko du osteguneko (uztailak 11) eta igandeko (hilak 14) gauetan, 23:00etatik 03:00etara, Kobetara bertaratutakoak etxera itzuli ahal izan daitezen. Ostiral-larunbatetan gau osoz egongo da metro zerbitzua.

Halaber, antolatzaileek kontzertuetara oinez igo eta bertatik oinez jaisteko gonbita egin dute, eta adierazi dute Kobetako autokarabana aparkalekua BECen kanpoaldera lekualdatuko dutela egun horietarako.

Cashless

Bilbao BBK Liven ez da eskudirurik erabiliko. Publikoak sarreraren truke jasoko duen eskumuturrekoen teknologiaren bidez ordaindu ahalko du jaialdiaren hiru egunetan, eta Sarean zein jaialdiaren eremuan kargatu ahalko da hori diruz.

"Ez beti da ez"

Last Tour enpresa antolatzaileak eta Bilboko Udalak eraso sexisten aurkako borrokarekin bat egin dute eta, horien aurrean, prebentzioko eta sentsibilizazioko kanpainak aurkeztu dituzte: musikazale guztiek eskura izango dituzte erasorik jasan edo ikusiz gero nola jokatu azaltzen duten gidak.

Gainera, AgreStop/EraStop doako aplikazioa ere erabilgarri dagoela ekarri dute gogora. Android eta Applen erabili ahal den aplikazio doakoak zure kokapenaren berri ematen dio Poliziari, “larrialdietarako botoia” sakatuz gero.