Itxi

kultura

Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak hileko 950-1.200 euroko dirulaguntzak eskainiko dizkie artistei

Agentziak | Erredakzioa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak dirulaguntza horien gaineko dekretua argitaratu du. Astearte honetatik eskatu ahal izango dituzte, ondorengo hamar egun baliodunetan.

  • Kursaalen izandako ikuskizun bat, artxiboko irudian

    Kursaalen izandako ikuskizun bat, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Alarma-egoeraren adierazpenagatik jarduera bertan behera duten kultura arloko profesionalei Eusko Jaurlaritzak bideratutako ezohiko dirulaguntzak hileko 950-1.200 eurokoak izango dira. Dirulaguntza horiek alarma-egoera amaitutzat emango duten hilabeteko azken egunera arte edo kultura jardueraren itzulera baimenduko duten hilabeteko azken egunera arte jasoko dituzte.

Euskal Herriko Agintaritzak astelehen honetan argitaratu du dirulaguntza horien gaineko dekretua. 2,5 milioi euroko kontu-saila da, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendaritza nagusiak argitaratu du dekretua. Astearte honetan hasiko da laguntzak eskatzeko epea, eta ondorengo hamar egun baliodunetan izango da irekita epe hori.

Pertsona fisikoek eskatu ahal izango dituzte, kulturako profesionalek; jarduera euren kontura egiten duten profesionalak dira, baina besteren kontura ere egin lezakete. Euren lanean, manaldi artistikoetarako lokalen erabiltzaileak izan behar dira, edo ikuskizun publikoetako edo taldeko ekitaldietako parte-hartzaileak izan.

Ezohiko laguntza horien onuradunak izateko, eskatzaileek banakako jarduera egin behar dute, edo ondasunen komunitate bateko edo sozietate zibil bateko kideak izan behar dira. Dirulaguntza, baina, nork berea eskatu beharko du.

Muga, hilean 1.200 euro

Dirulaguntzaren hileko zenbatekoa % 70ekoa izango da. Kultura edo arte-arloan 2019an edo aurretik hasi zirenentzat, hileko muga 1.200 eurokoa izango da; eskatzaileak 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 13ra arteko epean hasi bazen bere jarduerarekin, muga 950 eurokoa izango da (hau da, lanbide arteko gutxieneko soldata).

Dekretuak zehaztuta duenez, dirulaguntzaren azken zenbatekoa izango da biderkatzea hileko zenbatekoa eta dirulaguntzaren iraupenaren epea. Epe hori 2020ko martxoaren 14an hasiko da zenbatzen, eta amaitu egingo da alarma-egoera bukatutzat emango den hilabeteko azken egunean, edo onuradunaren arloko ikuskizunak eta taldeko emanaldiak baimentzen dituzten hilabeteko azken egunean. Gehienezko muga 6 hilabetekoa izango da.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emango dute, onartu ostean. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren harirako atxikipenak kendu egingo dituzte, atxikipenik izatekotan.

Dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikotik eskatu beharko dira, Euskadi.eus web orritik edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren web orritik.

Deialdi honetako laguntzekin bateraezinak dira jarduera-amaierako prestazioa, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoerarengatik jarduera amaitu izanaren aparteko prestazioa, langabezia-prestazio eta -subsidioa, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste Administrazioek edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru-sarreren ordezko bestelako prestazio, laguntza edo dirulaguntza.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.