Itxi

kultura

Protesta

Kultura COVID-19aren "biktima ikusezina" dela salatu dute Gasteizen

Agentzia | Erredakzioa

Kupla-Kultura plataformak deituta, segizioa antzeztu eta hilkutxa bat Eusko Jaurlaritzako egoitza nagusiaren aurrean utzi dute manifestariek.

  • Segizioa antzeztu eta hilkutxa bat Jaurlaritza aurrean utzi dute manifestariek. Argazkia: EFE

    Segizioa antzeztu eta hilkutxa bat Jaurlaritza aurrean utzi dute manifestariek. Argazkia: EFE

Ehun pertsona baino gehiagok elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen. Kulturaren "heriotza" erakutsi nahi izan dute. Kultura COVID-19 pandemiaren "biktima ikusezina" dela salatu dute.

Kupla-Kultura plataformak deituta, segizioa antzeztu eta hilkutxa bat egoitzaren sarreran utzi dute manifestariek. Sektorean erabiltzen diren lanabesekin "lore eskaintza" egin dute bertan, besteak beste, mikrofonoak eta argiak laga dituzte.

Koronabirusagatik jarduera utzi zuen aurreneko sektoreetako bat izan zela azaldu dute kulturako teknikariek, artistek eta enpresaburuek manifestu batean, baina jarduera % 100ean berrekuratzen azkenetarikoak izan direla gaineratu dute.

"Guztien artean testuinguru honetatik ateratzeko gure eskarmentua baliatu nahi dugu"

Horregatik, deseskalatze protokoloak egiteko orduan "ahotsa" eta eurei galdetzea eskatu diete erakundeei. Plataformaren hitzetan, protokoloak "kontraesankorrak" dira, zabaltzeko baimena ematen diete, baina "ez jarduera berreskuratzeko".

"Guztien artean testuinguru honetatik ateratzeko gure eskarmentua baliatu nahi dugu, kultura salbatu eta sektoreko milaka pertsona babesteko", erantsi dutenez.

Kultura barik "ez dago gizarte posiblerik, ez dago ezagutzarik, ez dago etorkizunik, eta bizirik dagoen sektore antolatu bat gabe, hil egingo da", azpimarratu dutenez.

Euskal Herrian, kultura munduko ehunka artista, ordezkari, eragile eta langile hiriburuetako kaleetara atera ziren ostiralean, kultura premiazko ondasun eta eskubidetzat hartzea aldarrikatzeko.