Itxi

kultura

Heriotza

Joan Mari Torrealdairen aldeko hileta-elizkizuna gaur egingo dute, Usurbilen

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Torrealdai ostiralean hil zen, 77 urte zituela. Asteburuan, jende ugari hurbildu da herriko beilatokian jarritako hil kaperara, azken agurra ematera. 

  • Joan Mari Torrealdai Gure Kasa saioan.

    Joan Mari Torrealdai Gure Kasa saioan. ETBren bideo batetik hartutako irudia.

Joan Mari Torrealdai euskaltzaleari azken agurra emateko hileta-elizkizuna egingo dute gaur, astelehena, Usurbilgo (Gipuzkoa) Salbadore Deunaren parroki elizan, 18:00etan. 

Asteburuan, jende ugari hurbildu da herriko beilatokian jarritako hil kaperara, azken hamarkadetako euskal kulturaren eta euskalgintzaren erreferente handienetako bati azken agurra ematera. 

Torrealdai ostiralean hil zen, 77 urte zituela, minbiziaren aurkako borroka luzearen ostean. Euskaltzain urgazle, euskaltzain oso eta euskaltzain emeritu izan zen. Baita Jakin aldizkariko zuzendaria eta Euskaldunon Egunkariako kontseilari delegatua ere. Ibilbidean lagun eta lankide izan zutenek miresmen handiz hitz egin dute Torrealdairi buruz.

Ez dira gutxi izan, beilatokira agertu diren, kulturaren eta euskararen munduko ordezkariak, eta erakundeetakoak. Torrealdairen ekarpen handia goraipatu dutenen artean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Miren Dobaran, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako sailburuordea. Euskaltzain, soziologo, kazetari eta idazleak, euskarak jasandako erasoak eta zentsura izan zituen aztergai sarri.

Egunkaria kasuan jasandako torturen ondorioz sortutako minbiziaren aurkako borroka izan zuen urte luzez Foruko euskaltzaleak. Usurbildar askok ere eman nahi izan diote azken agurra beilatokian.