Itxi

Zinemaldia

DONOSTIA SARIA

Hugh Jackmanek Donostia Saria jaso du

Natxo Velez | eitb.com

Hugh Jackmanek, oso hunkituta eta Donostiari eta Zinemaldiari esker ona adierazita, Diego Luna aktore eta zuzendari mexikarraren eskutik jaso du garaikurra, Kursaalen.

6:14

Hugh Jackman Donostia Sariaren jabe da dagoeneko. Aktorea, esker oneko, hunkituta eta "Donostiarekin maiteminduta", Zinemaldiaren ohorezko saria irabazi dutenen zerrenda prestigiotsuan sartu da.

Edurne Ormazabalek aurkeztu duen ekitaldia hasteko, Donostia Sariaren aurreko irabazleak erakusten zituen bideo bat proiektatu dute: Anjelica Houston, Fernando Fernán Gomez, Al Pacino, Robert De Niro, Dennis Hopper, Francis Ford Copolla, Jeff Bridges, Carmen Maura azken sariduna eta beste izar handi asko agertu dira pantailetan, bildutakoen gozagarri.

Jarraian, Jackman "handietako bat, aktore aparta" dela esan du Ormazabalek, eta ibilbide "zabal, distiratsu eta geldiezina" eraiki duela baieztatu du. Halaber, gaurkoa Jackmanen eta Zinemaldiaren arteko harreman luze baten hasiera izateko itxaropena agertu du.

Beste bideo batean Jackmanek pantailan utzitako unerik onenak ikusi eta gero, Diego Luna epaimahaikideak hartu du hitza, Jackmanek bere ibilibide osoan hartu dituen arriskuak goraipatzeko. Horrez gain, saria 44 urte dituela jaso izana positibotzat jo du mexikarrak, "zorionez aurretik ibilbide luzea daukala konturatzeko balio baitu".

Hugh Jackman traje iluna eta alkandora urdina soinean agertu da bildutakoen aurrean, eta, txalo-zaparrada luzea isildutakoan, "arratsalde on" ozen batez agurtu ditu ikusleak. Bere familiak Espainia maite duela baina bere maitasuna, "gaurtik aurrera, sakongoa" izango dela bota du lehenengoz, hitza hartzean. Donostiarekin "affaire" bat duela aitortu eta gero, bere emazteak 1991an Zilarrezko Maskorra irabazi zuela ekarri du gogora: "Zinemaldia, orain, jackmandarren jaialdia da", gehitu du, txantxetan.

"Aktore gisa, zaila da atzera begiratzea: beti izan behar da gauza berriak egiteko irrika. Baina hori egiteak nire aurretik sari hau zer-nolako jendeak irabazi duen gogoratzeko balio izan dit, eta oso harro nago gaur hemen Sidneyko, Australiako, ordezkari izatearren".

Lanean "ondoan" izan dituen guztiei eskerrak eman eta gero, Denis Villeneuve gaur aurkeztu duen pelikularen zuzendariaren lana azpimarratu nahi izan du.

"Maite zaituztet" batez agur esan aurretik, saria berarentzat oso garrantzitsua dela, beti berarekin eramango duela eta inoiz ez duela "Donostia Saria eman zidaten gau hura" ahaztuko esan du.

Ordu erdi lehenago, Kursaalera puntualtasun handiz heldu denean, Hugh Jackman oso atsegina izan da hesiaren bestaldean bildutakoekin: agurtu egin ditu, eta dozenaka sinadura eman dizkie.

Prentsaurrekoa

Aurretik, prentsaurrekoan, arratsalde osoan zehar bezala, "arratsalde on" esanez agurtu du bildutako jendetza. Oso gertuko agertu da Jackman, eta kazetariak gustura aritu dira galde-erantzunetan. Sariez eta oraindik heldu ez den Oscarraz galdetu diotenean, hau esan du aktoreak: "Pentsa nezakeen baino askoz bedeinkapen gehiago jaso ditut. Azken hamabost edo hogei urteetan, ezusteko asko izan ditut, baina garrantzitsuena nire familia da".

Zinemaldiari dagokionez, jaialdia eta "sari hau" ondo baino hobeto ezagutzen dituela adierazi du: "Badakit aurretik nork irabazi duten, eta harrigarria beraiekin batera egotea. Debora-Lee Furness emazteak Urrezko Maskorra irabazi zuen 90eko hamarkadan –'Waiting' pelikulagatik-. Hortaz, aspaldidanik ezagutzen dut, eta oso toki berezia du jaialdiak nire bihotzean".

Aurreikustekoa zen bezala, Wolverine, arrakasta handiena ekarri dion papera, ere hartu du hizpide Jackmanek: "Oso atsegin dut. Egunez egun beldurrak eta madarikazioak gainditzeko borrokatzen da, alkoholiko ohi da... Eta hori guztia pelikulako zortzi egunetan gertatzen da. Oso gogorra da".

Irribarre egin eta baietz erantzun du, hainbat proiektu egin izana damu ote zaion galdetu diotenean, "baina ez dizut zein diren esango". "Filosofiaz hartzen saiatzen naiz, baina ez dut izenik esango, krudel jokatuko bainuke orduan nirekin batera lan egin zutenekin".