Itxi

Zinemaldia 2024

'Eastern Promises' zikloa

Ekialdeko Europatik egindako 50 begirada, aurten Zinemaldian

Erredakzioa

SESBen eraginpean bizi izan ziren herrialdeetan 2000. urtetik hona egindako filmak erakutsiko dituzte Donostiako Zinemaldian, "Harresiaren bestaldetik" egindako erretratuak.

Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua da aurten 62. Zinemaldiak eskainiko duen atzera begirakoaren izenburua. Zikloak Bigarren Mundu Gerraren ostean Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren eraginpean bizi izan ziren herrialdeetan 2000. urtetik hona ekoitzitako zinema eskainiko du. Haren bitartez zinematografia horien sormen-aberastasuna erakutsiko dute.

Aurten, Berlingo Harresia eraitsi zuteneko 25. urteurrena beteko da. Gertakari horren ondorioz, Gerra Hotzaren ezaugarri nagusia, Europaren banaketa, amaitu zen eta ideologikoki eta kulturalki gainerako Europatik bananduta zeuden herrialde horiek Sobietar Batasunaren mende egoteari utzi zioten. Une horretatik aurrera, gertakari historiko garrantzitsu batzuek erabat aldatu zuten bloke hura osatzen zuten herrialdeen geografia politikoa.

Espero zitekeen bezala, 25 urtean antzinako gizarte komunistak guztiz eraldatu dituzten aldaketa horiek herrialde horietan ekoitzitako zineman islatu dira. Beraz, zinema prozesu sozial eta politiko horren lekukotza bilakatu da. Gaur egungo ikusleentzako imajinario berriak proposatzen dituzte film guztiek, genero eta estilo ezberdinen bidez: drama soziala, ohitura-komedia, thrillerra, gazteekin lotutako gaiak lantzen dituzten filmak, zientzia-fikzioa, dokumentala, zinema belikoa…

Atzera begirakoak 50 film bilduko ditu guztira, honako herrialde hauetakoak: Bosnia, Bulgaria, Kroazia, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Mazedonia, Moldavia, Polonia, Txekiar Errepublika, Errumania eta Serbia. Film horietako asko ez dira bertoko zinemetan erakutsi.

Matthieu Darrasek koordinatutako liburu batek osatuko du zikloa. Europa osoko hainbat kazetari eta kritikari nabarmenen kolaborazioak jasotzen ditu: Janka Barkóczi, Hana Cielova, Andreea Dobre, Mária Ferencuhová, Zsolt Gyenge, Blazej Hrapkowicz, Eva Križková, Anita Libor, Alexandra Olivotto, Yoana Pavlova, Vladan Petkovic, Tristan Priimägi, Ola Salwa, Stefan Uhrik eta Greta Varts.

Zuzendari batzuk Zinemaldira etorriko dira, atzera begirakoaren parte diren beren pelikulak aurkezteko: Sarunas Bartas (Lituania), Kristina Buožyte (Lituania), Marian Crisan (Errumania), Mira Fornay (Eslovakia), Bohdan Sláma (Txekiar Errepublika), Malgorzata Szumowska (Polonia) eta Anna Viduleja (Letonia).