Itxi

Zinemaldia

Perlak saila

Urrezko Palmaren eta Urrezko Hartzaren irabazleak, Zinemaldian ikusgai

Erredakzioa

“Bai Ri Yan Huo / Black Coal, Thin Ice” Berlingo eta "Kis Uykusu/Winter Sleep" Canneseko irabazleez gain, Isao Takahata eta Wim Wenders zuzendarien lanak ikusi ahalko dira Zinemaldian, besteak beste.

1:24

62. Donostia Zinemaldian, urte osoan hainbat nazioarteko zinema-jaialditan aurkeztu diren pelikula gailenenetako batzuen Estatu mailako estreinaldia egingo da. Pelikula sorta hori Perlak saileko programazioaren parte izango da.

Aukeratutako filmen artean, Berlingo zinema-jaialdiko Urrezko Hartzaren irabazlea, 'Bai Ri Yan Huo / Black Coal, Thin Ice' (Yinan Diao), eta Cannesko zinema-jaialdiko Urrezko Palmaren irabazlea, 'Kis Uykusu / Winter Sleep' (Nuri Bulge Ceylan), daude. Horietaz gain, maila handiko zuzendari askoren lan berriak ikusi ahal izango dira sailean; Roy Andersson, Isao Takahata, Xavier Dolan, Wim Wenders, Abel Ferrara, Laurent Cantet, Naomi Kawasi eta Mathieu Amalric-enak, besteak beste.

Perlak saileko film guztiak Publikoaren saria jasotzeko hautagaiak izango dira. Saria saileko film bakoitzaren lehendabiziko emanaldi publikoan diren ikusleek emango dute. Publikoaren sariak bi golardo biltzen ditu: lehenengo saria, film onenarena, 50.000 eurokoa da, eta bigarrena, Europako film onenarena, 20.000 eurokoa. Publikoaren saria filmaren Espainiako banatzaileari emango zaio.

'Bai Ri Yan Huo/Black Coal' Yinan Diao zuzendari txinatarraren pelikulak hil zuten meatzari baten istorioa kontatzen du. Haren gorpua, ehunka kilometrora agertu zen, gorputz adarrak kenduta.

'20.000 Days on Earth/20.000 días en la Tierra' Iain Forsythen eta Jane Pollarden (Erresuma Batua) lana ere proiektatuko da, Sundanceko jaialdian dokumental zuzendari onenaren sariaren irabazlea. Drama eta errealitatea nahasiz, Nick Cave musiko ikonikoaren bizitzako 24 ordu fikziozko erakusten ditu.

Gainera, 'Bande de filles/Girlhood' Celine Sciamma zuzendariak Zinemagileen Canneseko Hamabostaldian aurkeztu zuen lana ere Donostiara helduko da. Familiartean itotako emakume baten bizitza erakusten du: eskola porrotak eta auzoko bizimoduak irtenbiderik gabeko labirinto batera daramate.

Canneseko jaialdi hartan, 'Catch Me Daddy' bere lehen lana erakutsi zuen Daniel Wolfe (Erresuma Batua) zinemagileak.

Perlak sailean Diego Luna mexikarrak ‘Cesar Chavez’, boxeolari mitikoaren bizimodua kontatzen duen lana ere erakutsiko dute. Berlingo zinemaldian parte hartu zuen pelikula horrek.

'Difret' ere emango dute, Angeline Joliek ekoitzi eta Zeresnzy Berhane Meharik zuzendu duten filma, Sundanceko jaialdiko ikusleen sariaren eta Berlinaleko Panorama saileko publikoaren sariaren irabazlea. Adis Adeban Meaza Ashenafi abokatuak ume eta emakumeei laguntzeko sarea osatu duela kontatzen du, eta horrek Poliziaren eta Gobernuaren jazarpena ekarriko diola.

Halaber, beste film hauek ere ikusi ahalko dira: 'Futatsume no mado/Still the Water' (Naomi Kawase, Japonia-Frantzia-Espainia), Cannesen lehiatu zena; 'Gett, The Trial of Viviane Amsalem' (Ronit & Shlomi Elkabetz, Israel-Frantzia-Alemania); 'Kaguyahime no monogatari/The Story of Princess Kaguya' (Isao Takahata, Japonia); eta 'La chambre bleue/The Blue Room' (Mathieu Amalric, Frantzia).

Beste hauek ere erakutsiko dituzte: 'Love is Strange' (Ira Sachs, AEB); 'Mommy' (Xavier Dolan, Kanada); 'Pasolini' (Abel Ferrara, Frantzia-Italia-Belgika); 'Plemya/The Tribe', (Myroslav Slaboshpytskiy, Ukraina); 'Relatos salvajes/Wild Tales' (Damián Szifrón, Argentina-Espainia); 'Retour à Ithaque/Return to Ithaca' (Laurent Cantet, Frantzia); eta 'The Salt of the Earth' (Juliano Ribeiro Salgado eta Wim Wenders, Frantzia), Cannesen Un Certain Regard saria irabazi zuena.