Itxi

Zinemaldia

Donostia

Zinemaldiaren sarrera guztiak eskuragai dagoeneko

Erredakzioa

Ostiralean Sail Ofizialeko galetarako sarrerak (Inaugurazioa, Donostia Saria eta Klausura) salgai jarri zituzten, eta igandean gainerako saioetarako sarrerak.

Donostia Zinemaldiko 62. Ediziorako sarrera guztiak asteburu honetan jarri dituzte salgai. Ostiralean Sail Ofizialeko galetarako sarrerak (Inaugurazioa, Donostia Saria eta Klausura) eskuragai jarri zituzten, Internet bidez soilik, eta igandean gainerako saioetarako sarrerak.

Zehatz-mehatz, 9:00etatik aurrera, sarrerak erosteko bide guztiak zabaldu dira, alegia, Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaal jauregiko beheko solairua), Kursaal Zentroko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak), eta Interneten (www.sansebastianfestival.com eta www.kutxabank.net).

Horrez gain, sarrerak beste leku batzuetan ere erosi ahal dira: Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean (hilaren 19tik aurrera), Trueba eta Antiguo Berri zinema-aretoetan (hilaren 20etik aurrera) eta Principe zinema-aretoetan 27an. Antonio Elorza Belodromoko sarrerak, halaber, Anoetako Estadioko 23. leihatilan ere izango dira salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago.

Halere, sail Ofizialeko B Zonako sarrerak dagokion abonamenduaren bitartez bakarrik eros daitezke.

Gainera, Zinemaldiko antolakuntzak jakinarazi duenez, saio bakoitzeko, gehienez lau sarrera erosi ahalko ditu pertsona bakoitzak. 7, 20 € balio duten saioetarako 10 sarrera baino gehiago erostean % 25eko deskontua egingo da salmenta-kanal guztietan eta leihatilatan.

San Telmo Museoko emanaldietarako sarrerak doakoak dira. Sarrera hauek ohiko bideak jarraituz eskuratu ahal dira.

Bestalde, Kutxabanken Gazte Txartela dutenek (Gaztekutxa, Visa K26 eta Vital Gazte) % 50eko deskontua izango dute sarrera bakoitzean, K1-eko galatan eta Antonio Elorza Belodromoko saioetan izan ezik. Gainera, 1,00 € bakarrik ordainduko dute euskarazko azpitituluak dituzten filmetan.

Langabeentzako sarrerak dohainik

Udalak Zinemaldiko Sail Ofizialeko 1.000 sarrera bananduko ditu doan langabezian dauden donostiarren artean. Laugarren urtea da ekimena egiten dela.

Aurten, eskaera 'online' egin beharko da; ondoren, Interneten eskuratutako inprimakia eta langabe txartela aurkeztuta, Udalinfoko egoitzan sarrerak jaso ahal izango dira.