Zinemaldia 2024
Zinema, errege
Oihala gora Donostian, euskal zinemari eta Denzel Washingtoni begira
Natxo Velez | eitb.eus
Donostiako 62. Zinemaldiak jaialdiko une gorenetako batekin abiatuko du aurtengo ekitaldia: Denzel Washingtonek aurtengo lehen Donostia Saria jasoko du inaugurazio galan. Zuzenean ikusi ahalko da.
Dena prest dago zinemak Donostian hegalak zabal ditzan, zinemaren magiak hiriburuko bizimodua gida dezan: hiria hartuko duten izarren dirdiraren zain dago jendea dagoeneko, irrikaz, eta proiektagailuak doiturik daude honezkero, aurretik dituzten jardunaldi amaiezinetako lan eskergarako prest.
21:00etatik aurrera, Kursaalek donostiar topaldiaren 62. edizioaren irekiera gala hartuko du. Edurne Ormazabalek eta Karra Elejalde aktoreak gidatuko duten ikuskizunean, zinemagintzaren beste ordezkari batzuek parte hartuko dute, hala nola Maribel Verduk, Unax Ugaldek, Cayetana Guillen Cuervok, Mireia Gabilondok, Eduard Fernandezek eta Imanol Ariasek. Gala honetan zehar, gainera, edizio honetako une gogoangarrienetakoa jazoko da: Denzel Washingtonek Donostia Saria jasoko du.
Ondorengo egunetan, jaialdiko sailetan antolatutako filmak ikusteko ordua helduko da, hiriko zinema aretoetan eskainiko duten film zerrenda amaiezina aletzeko tenorea. Sail Ofizialeko pelikulez gain, nahi adina proposamen ikusi ahalko dira: beren lehen edo bigarren film luzea eskaintzen duten zuzendarien lanak (Zuzendari Berriak), Estatuan estreinatu ez diren Latinoamerikako lan onenen laginak (Horizontes Latinos), beste jaialdi batzuetan kritikariek eta publikoak goraipatutako pelikulak (Perlak), proposamen berritzaile eta bestelakoak (Zabaltegi), sukaldaritza eta zinema uztartzeko saiakerak (Culinary Cinema), abentura kirolekin lotutako filmak (Savage Cinema)… Gustu guztiak asetzeko moduko eskaintza, inondik ere.
Euskal zinemak toki azpimarragarria izango du aurten Zinemaldian. Sail Ofizialean “Lasa eta Zabala” Pablo Maloren filma erakutsiko dute, lehiaketatik kanpo, eta “Loreak” Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da. Historian lehenengoz lehiatuko da sail honetan euskaraz filmatutako pelikula bat.
Aurten, gainera, atzera begirako bi ziklo oso interesgarri paratu dituzte. Horietako batek Dorothy Arzner emakume aitzindariaren lanari begiratuko dio: kameraren atzealdean lanean jardun zuen lehen emakumeetako bat izan zen. Beste zikloak Ekialdeko Europako zinemagintzari begiratuko dio: “Altzairuzko Oihalaren beste aldean” 2000. urtetik aurrera egindako filmak erakutsiko ditu.
Denzel Washington
Zinemaldiaren aurtengo edizioan, hasiera-hasieratik egongo da emozioa puri-purian. Hasi eta berehala, inaugurazio ekitaldian bertan, Denzel Washington newyorktar aktoreak Donostia Saria jasoko du, edizio honetan banatuko dituzten bietako lehena.
Lehenengoz 1986an eman zuten sari honen bidez, aktorearen ibilbide profesional osoaren balioa aitortu nahi dute antolatzaileek. Aurretik, zinemaren historian toki berezia duten aktore askok jaso dute golardoa, hala nola Gregory Peckek, Bette Davisek, Lauren Bacallek, John Malkovichek, Sean Pennek eta Woody Allenek.
Denzel Washington “The Equalizer” Antoine Fuquaren filma aurkeztuko du Donostian. Washingtonek ez ezik, Benicio del Toro puertorricar aktoreak ere jasoko du Donostia Saria. Ostiralean izango da, irailaren 26an.
Galak
EiTBk, ohi bezala, jaialdiaren jarraipen zabala egingo du: Zinemira saila babestuko du beste behin ere, pelikula batzuetan parte hartu du eta “Vasconiako historia bat: euskalduntze berantiarra” dokumentala aurkeztuko du.
Euskal Irrati Telebistako hedabideek (ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea eta eitb.eus webgunea) arreta bereziz begiratuko diote Gipuzkoako hiriburuan gertatzen denari. ETB1ek zuzen-zuzenean eskainiko ditu inaugurazio eta itxiera galak, hilaren 19an eta 27an. Bukatu baino egun bat lehenago, Benicio del Torori Donostia Saria emateko gala ere ikusgai izango da, baita Zinemira gala ere, hilaren 22an. Gala guztien nondik norakoak zuzenean jarraitu ahal izango dira, eitb.eus-en, streaming bidez.
Dena prest, hartara, aretoetan argiak amata ditzaten. Gustura jesarri eta zinema menuaz eta hiriaren eskaintza osoaz disfrutatzea soilik gelditzen da. Aurretik, zinema eta zinema, zortzi egunez.