Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Irailak 18-26

Pertsonaia ezagunak etorriko dira Zinemaldira

agentziak | erredakzioa

Sienna Miller (High Rise), Ellen Page (Freeheld), Benicio del Toro (Sicario), Tim Roth (600 miles eta Chronic) eta Louise Bourgoin (Les chevaliers blancs), besteak beste, bertan izango dira.

  • Benicio del Toro, Zinemaldian.

    Benicio del Toro, Zinemaldian. Argazkia: Efe

Gaur aurkeztu dute 63. Donostia Zinemaldia, irailaren 18tik 26ra izango dena. Jose Luis Rebordinos zuzendariak eta Maialen Beloki eta Joxean Fernandez Zuzendaritza Batzordeko kideek edukien berri eman dute, eta zenbait epaimahaien osaera eta edizio honetako bertaratzeak jakinarazi dituzte.

Rebordinosek esan du Pilar Olascoagari eskaintzen diotela aurtengo edizioa, urtetan ekitaldiaren idazkari izan eta berriki hil denari. Horren harira, Zinemaldia "zinemaren jai handia" dela, baina gerratik ihesi doazen errefuxiatuen irudia ezin dela ahantzi azpimarratu du.

Aylan Turkiako hondartza batean hilda agertu den haurraren argazkia izan du hizpide, eta azkenean "irudi batek gauzak mugiarazi, zerbait desberdina eragin" duela goraipatu du.

Zinemaldiaren zuzendariak esan du aurten, "inoiz baino gehiago", emango dituzten pelikulek "gertatzen ari dena" izango dutela oinarri: "Errealitatea, familiaren eta balioen krisia, ETAren edo Argentinako diktaduraren indarkeria".

Made in Spain

Bestalde, Zinemaldiak ?Made in Spain? sekzioan lehiatuko diren hamaika pelikulen berri eman du: A cambio de Nada, Daniel Guzmanena; Las altas presiones, Angel Santosena; El camino mas largo para volver a casa, Sergi Perez Gomezena; Hablar, Joaquin Oristrellerena; Los heroes del Mal, Zoe Berriatuarena; Felices 140, Gracia Querejetarena; Mortadelo y Filemon contra Jimmy el Cachondo, Javier Fesserrena; Requisitos para ser una persona normal, Leticia Dolerarena; Rey Gitano, Juanma Bajo Ulloarena; Sexo facil, peliculas tristes, Alejo Flahrena; eta Torrente 5: Mision Eurovegas, Santiago Segurarena.

Epaimahaiak

Sekzio Ofizialeko epaimahikideen izenak ezagutzeke, gainerako lehiaketetako epaimahaietako kideen izenak eman dituzte. Zuzendari Berrien Kutxabank Sariaren epaimahaia Diego Lererrek zuzenduko du, eta Francine Brücher, Desiree de Fez, Olivia Stewart eta Edgard Tenembaumek osatuko dute.

Horizontes sariko epaimahaia Agustina Chiarinok (presidentea), Fran Gayok eta Ruben Ochandianok osatuko dute; Jose Mari Goenagak (presidentea), Maria Elorzak eta Dolores Meijominek aukeratuko dute Irizar Euskal Zinemaren saria; eta Elena Sanchezek, Marian Alvarezek eta Begoña del Tesok osatuko dute TVE-Beste begirada bat sariko epaimahaia.

Pertsonaia ezagunak

Emily Watson aktoreak Donostia Saria jasoko du, bere lan-ibilbidearen aitorpen gisa, irailaren 25ean. Beste aktore nabarmen batzuk ere izango dira Donostian, Zinemaldian aurkeztuko diren filmei lagunduz: Sienna Miller, Tom Hiddleston eta Luke Evans (High Rise), Ellen Page (Freeheld), Emily Blunt eta Benicio del Toro (Sicario), Tim Roth (600 miles eta Chronic), Louise Bourgoin (Les chevaliers blancs) eta Karin Viard eta Isabelle Carré (21 nuits avec Pattie), besteak beste.

Ohikoa den moduan, nazioarteko agertokiko zinemagile garrantzitsuenetakoak bilduko ditu Zinemaldiak. Besteren artean: Pablo Agüero (Eva no duerme), Laurie Anderson (Heart of a Dog), Scott Cooper (Black Mass), Terence Davies (Sunset Song), Michel Franco (Chronic), Lucile Hadzihalilovic (Evolution), Hou Hsiao-Hsien (Nie yinniana / The Assassin), Charlie Kaufman eta Duke Johnson (Anomalisa), Hirokazu Koreeda (Umimachi Diary / Our Little Sister), Joachim Lafosse (Les chevaliers blancs), Pablo Larrain (El club), Jean-Marie eta Arnaud Larrieu (21 nuits avec Pattie), George Miller (Mad Max: Fury Road), Rufus Norris (London Road), Corneliu Porumboiu (Comoara / The Treasure), Gabriel Ripstein (600 millas), Walter Salles (Jia Zhang-ke, un homem de Fenyang / Jia Zhang-ke, A Guy from Fenyang) Peter Sollett (Freeheld), Pablo Trapero (El clan), Denis Villeneuve (Sicario) eta Jia Zhangke (Shan he gu ren / Mountains May Depart).

Sarrerak

Sarrerak bi datatan jarriko dira salgai. Ostirala, irailak 11, 9:00etatik aurrera Sail Ofizialeko galetarako sarrerak (Inaugurazioa, Donostia Saria eta Klausura) jarriko dituzte salgai, Internet bidez; gainerako kanaletan, irailaren 14eko 9:00etatik aurrera.

Beste txanda irailaren 13an abiatuko da, 9:00etatik aurrera. Gainerako saioetarako sarrerak jarriko dituzte salmentan, eta kanal guztietan: Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaal jauregiko beheko solairua) eta Kursaal Zentroko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak), eta Interneten.

Sarrerak beste leku batzuetan ere erosi ahalko dira: Victoria Eugenia Antzokia, Tabakalera, Principe zinema-aretoak (hilaren 19tik aurrera) eta Trueba eta Antiguo Berri zinema-aretoak (hilaren 20etik aurrera).

Antonio Elorza Belodromoko sarrerak Anoetako Estadioko 23. leihatilan ere izango dira salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago.

Sail Ofizialeko B Zonako sarrerak dagokion abonamenduaren bitartez bakarrik erosi ahal izango dira.