Zinemaldia 2024
Donostiako Zinemaldia
Euskal Zinemaren Gala, 'Un otoño sin Berlin'en estreinaldiarekin
M.G | Erredakzioa
Zinemira sailaren barruan emango dute Lara Izagirre zuzendari zornotzarraren lehenengo film luzea. Gainera, Sienna Millerrek Kursaaleko alfonbra gorria zapalduko du, High Rise-ren aurkezpenean.
-
Lara Izagirre. Argazkia: EiTB
Gaur izango da euskal zinemaren egun handia Donostiako Zinemaldian, Euskal Zinemaren Gala ospatuko baitute gaur, eta Lara Izagirre zuzendari zornotzarraren Un otoño sin Berlin pelikula estreinatuko da.
Un otoño sin Berlin Zinemira sailaren barruan emango dute, eta Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango da, bertan estreinatutako euskal pelikula onenaren sarirako, alegia.
Irene Escolar, Tamar Novas, Ramón Barea eta Lier Quesada dira filmaren protagonistak, eta Juneren istorioa kontatzen du. Gaztea jaioterrira itzuliko da ustekabean, denbora batez atzerrian bizi ostean, eta mingarria izango da buelta: familia eta lehenengo bikotekidea, Diego, aldatu egin dira. June ere aldatu da, eta zail egingo zaio hautsitako lotura horiek osatzea. Baina, udazkeneko hego haizeak bezalaxe, Junek iraultza ekarriko du.
Filma Lara Izagirrek (Amorebieta, 1985) eginiko lehen film luzea da. Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua, New York Film Schoolen jarraitu zituen zinemako ikasketak. Bartzelonan Gidoigintzako masterra egin zuen, Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolan (ESCAC). Hantxe hasi zen Un otoño sin Berlín lanaren gidoia idazten, eta, hari esker, Eusko Jaurlaritzaren beka jaso zuen, hura garatzeko. 2010ean Gariza Produkzioak ekoiztetxea sortu zuen, eta hainbat film labur ekoitzi eta zuzendu ditu harekin: Bicycle Poem (2010), KEA (2011), Next Stop Greenland (2012) eta Larroxa (2013). Sormenaren bide ezkutuak (2013) film laburra Donostia Zinemaldiaren 61. edizioko Culinary Zinema atalean estreinatu zuten.
Saria Karmele Solerri
Bestalde, Karmele Soler makillatzaileak, iraganean Goya saria jaso zuenak, Zinemira saria jasoko du zineman egindako ibilbide luze zein oparoagatik.
Gidoi onenaren saria
Euskal Herriko Gidoilarien Elkarte Profesionalak Euskal Gidoi Onenaren I. Saria emango du gaur.
20 urte bete dituen elkarteak baldintzak jarri ditu saria emateko: gidoilariak Euskal Herritarra behar du izan, pelikula Zinemaldian estreinatu behar da, fikziozkoa izan behar du, eta euskal ekoizpenekoa.
Leire Apellanizek, Aitor Arregik eta Aitor Merinok osatuko dute epaimahaia, eta saria Joanes Urkixo Gidoilarie Elkarteko presidenteak emango du, Zinemira galaren baitan.
Eitb.eus-ek zuzenean emango du, streaming bidez, Euskal Zinemaren jaia.
Sienna Miller
Bestalde, Sienna Miller aktoreak Donostiako Zinemaldiaren alfonbra gorria zapalduko du gaur High Rise pelikularen aurkezpenean, eta Tom Hiddleston eta Luke Evans izango ditu aldamenean.
J.G. Ballarden 1975eko liburuaren egokitzapena da pelikula, eta Ben Wheatleyk zuzendu du. Sail ofizialeko pelikulen artean dago.
Istorio apokaliptikoa jorratzen du. Etorkizunean girotutako Londresen 1.000 etxebizitza dituen 40 solairuko etxeorratz bat dago, luxu guztiak dituena. Badirudi etxeak bizitza modernoaren espektatiba guztiak betetzen dituela, eta gustura bizi dira bertan bizilagunak. Hala ere, ez dira ohartzen mundutik isolatzen ari direla, eta gizarte propio bat eraiki dutela. Gero, polita zirudiena itsusitu egingo da, eta biziraupen borroka sutsua hasiko da.