Itxi

Zinemaldia 2024

Irailaren 17an emango diote

Gael Garcia Bernal sarituko dute Zinemaldian

N.V. | eitb.eus

Gael García Bernal aktore, zuzendari eta ekoizleak jasoko du Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-Lecoultre saria, lehenengoz. Latinoamerikako zinemako eragilei zuzenduta egongo da golardo berria.

Donostiako Zinemaldiak Gael Garcia Bernal aktore eta zuzendariari emango dio Jaeger-Lecoultre Latinoamerikako Zinemaren Saria, erlojugintza etxeak babestuta. Latinoamerikako zinemako pertsona gailen bati zuzenduta egongo da aurten lehenengoz emango duten saria.

Lehenengo edizio honetan, Bernalek Neruda Pablo Larrainen filmaren aurkezpen-galan jasoko du saria, protagonistetako bat baita. Filmak Zinemaldiko Perlak sailean parte hartuko du.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, “sari honen sorrerak mugarri berria ezarriko du Zinemaldiaren eta mundu latinoaren arteko harremanean, are gehiago estutuko ditu hango zinematografiarekiko loturak eta gure zinemagileen lanari balioa emango dio”.

Gael García Bernalek irailaren 17an jasoko du Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre saria, zinema jaialdiaren hasiera ekitaldiaren biharamunean, Victoria Eugenia Donostiako antzokian egingo den galan.

Gael García Bernal Zinemaldira etorriko den hirugarren aldia izango da. Aurretik, Amores perros bere estreinako filmarekin etorri zen, eta, hurrengo urtean, bi film aurkeztera: Alfonso Cuarónen Y tu mamá también eta Fito Paezen Vidas privadas.