Zinemaldia 2024
Sail Ofiziala
Bonello, Guzzoni eta Hong Sang-soo, Urrezko Maskorraren bila
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren antolatzaileek jaialdiaren Sail Ofizialean egongo diren zazpi filmen izenburuak iragarri dituzte.
-
"As you are" Miles Joris-Peyrafitteren lanak epaimahaiaren sari berezia irabazi du Sundancen.
Donostiako Zinemaldiak (irailak 16-24) Sail Ofizialean sarien bila lehiatuko diren zazpi pelikularen izenburuak iragarri dituzte gaur, atzo Ewan McGregorrek zuzendari gisa eginiko lehen filma eta joan den astean Alberto Rodriguez, Jonas Trueba eta Rodrigo Sorogoyenen azken lanak egongo direla jakinarazi eta gero.
Bertrand Bonello, Fernando Guzzoni, Arnaud des Pallieres eta Hong Sang-sook beren lanik berrienak aurkeztuko dituzte, eta Miles-Joris Peyrafitte estatubatuarrak, Johannes Nyholm suediarrak eta William Oldroyd britainiarrak lehen film luzeak aurkeztuko dituzte.
Bonellok “Nocturama” aurkeztuko du, Zinemaldiko arduradunek zehaztu dutenez, gaiari eta zuzendariari esker “jakin-min handia piztu duen filma”. Nizako zinemagileak Fipresci saria irabazi zuen Cannesen “Le pornographe” (2001) lanarekin, eta bere azken filmetako hiru aukeratu dituzte Frantziako jaialdiaren Sail Ofizialean: “Tiresia” (2003), “L'Apollonide. Souvenirs de la maison close” (2011) eta “Saint Laurent” (2014).
Zuzendariak ez du orain arte inoiz Donostian parte hartu, baina, 57. edizioan, haren bi film frantziar zinemari buruzko atzera begirako zikloan sartu zituzten: “Nocturama” Parisko azaroko atentatuen aurretik filmatu zuten, eta hiri horretako gazte talde baten istorioa kontatzen du.
Horrez gain, Arnaud des Pallieres frantziar zuzendariak “Orpheline”rekin helduko da Donostiara lehenengoz, bere azken bi film luzeak Veneziako eta Canneseko sail ofizialetan aurkeztu eta gero. Sergi Lopez aktoreak hartzen du parte filmean, Adele Haenel (“L’Apollonide”), Adele Exarchopoulos (“La vie d’Adele”), Solene Rigot (“17 filles”) eta Gemma Antertonekin (“007: Quantum of Solace”) batera, eta lau neskaren bizimoduko lau une islatzen ditu.
Fernando Guzzoni txiletar zuzendari, gidoigile eta ekoizlea, bestalde, Donostiako Zinemaldira itzuliko da, 2012an “Carne de perro” fikziozko bere lehen film luzearekin Zuzendari Berrien saileko sari nagusia irabazi eta gero. “Jesus” filmean, aita-seme batzuen arteko harremanari begiratzen dio.
Halaber, Hong Sang-sook, “korear Woody Allen” izenaz ezaguna den zuzendariak, "Dangsinjasingwa dangsinui geot" (Yourself and Yours) filma erakutsiko du Donostian, Cannesen, Locarnon eta Suitzan sariak bereganatu ondoren.
Donostian beren lehen filmak aurkeztuko dituzten zinemagileei dagokienez, “As You Are” lanak, Miles Joris-Peyrafitte 23 urteko zuzendari eta aktorearen lehen film luzeak, Sundance zinema-jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen. Madison Harrisonekin batera idatzia da, eta Amandla Stenberg ("Gose jokoak"), Owen Campbell ("Conviction") eta Charlie Heaton ("Stranger Things" telesaila) ditu protagonista. Bi neraberen eta ikaskide baten arteko harremana aztertzen du, polizia-ikerketa baten bidez.
“Jätten” (The Giant) koprodukzio suediar-daniarra Johannes Nyholm zinemagilearen lehendabiziko lana da. Berak zuzendu eta idatzi duen filmak malformazioak eta urritasun psikikoa dituen gizon baten berri ematen du: petanka-txapelketa batean ama berreskuratzeko aukera ikusiko du, jaio zenetik bananduta egon ostean.
Film luzeetan debuta egin du, halaber, William Oldroyd zinemagileak. Alice Birchen 2014an antzerkigile promesa onenaren George Devine saria eskuratu zuen idazlearen gidoia hartu du Oldroydek oraingoan oinarri. “Lady Macbeth” lanean, pasio debekatuak eta heriotza lantzen ditu.
a lantzen ditu.a lantzen ditu.