Zinemaldia
Irailak 19
'Lady Macbeth' eta 'Que Dios nos perdone', gaur Sail Ofizialean
eitb.eus
Horrez gain, Zinemiran, azkeneko aldiz emango dute 'Rocknrollers' Juanma Bajo Ulloa zuzendari gasteiztarraren dokumentala.
-
'Lady Macbeth' pelikulako protagonista nagusia. Argazkia: EFE
Asteburuko zurrunbiloaren ostean, Urrezko Maskorraren bila lehiatuko diren pelikula gehiago emango dituzte Donostiako Zinemaldiaren laugarren egunean, hala nola, Lady Macbeth William Oldroyd zuzendari ingelesaren lehen film luzea eta Rodrigo Sorogoyen zuzendari espainiarraren Que Dios nos perdone.
Lady Macbeth estreinakoz proiektatuko dute, 09:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. 1895eko Ingalaterrako landa-eremu batean nahigabean bizi den emakume baten istorioa kontatzen du.
Katherine maite ez duen eta adina bikoizten dion gizon erretxin batekin ezkonduta dago, eta haren sendia hotza eta kupidagabea da. Bere senarraren finkako langile gazte batekin istorio sutsua hasiko du, eta bere barruan sekulako indar ahaltsua azaleratuko da.
Que Dios nos perdone filma 2011ko udako Madrilen kokatzen da: krisi ekonomikoa, M15 mugimendua eta milioi eta erdi erromes Aita Santuaren zain. Inoizko Madrilik bero eta kaotikoenean dago girotuta.
Testuinguru horretan, Velarde eta Alfaro inspektoreek ustezko serieko hiltzaile bat aurkitu behar dute. Erlojuaren kontrako ehiza horrek sekula bururatu ez zaien zerbait ikusaraziko die: haiek biak eta hiltzailea ez dira beraiek uste bezain desberdinak.
Bestalde, Zinemiran, azkeneko aldiz emitituko dute Juanma Bajo Ulloak Azkena Rock jaialdiari buruz egindako Rocknrollers dokumentala.
Zuzendari gasteiztarraren lana Euskal Zinemaren Irizar saria jasotzeko hautagai da.
ko hautagai da.