Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

67. edizioa

Zinemaldiak zinemaren magia aldarrikatuko du Donostian

Agentziak | Erredakzioa

Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdia gauean abiatuko da, genero zinema eta areto ilunaren magia aldarrikatuko dituen inaugurazio ekitaldi baten bidez.

1:19
ZINEMALDIA

Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioa gaur, ostiralarekin, abiatuko da, Urrezko Maskorra lortzeko lehian diren pelikuletan aurreko urteetan baino emakume gehiago direla. Inaugurazio gala eitb.eus-en jarraitu ahalko da, zuzenean, 21:00etatik aurrera.

Penelope Cruzek, jaialdiaren aurtengo kartel ofizialetan ageri den aktoreak, edizio honetako hiru Donostia sarietako bat jasoko du irailaren 27an, Costa-Gavras Greziako frantses zinemagileak (irailak 21) eta Donald Sutherland kanadar aktoreak (irailak 26) ere ohorezko sari hori jaso eta gero.

Egunotan hirian izango diren zinemaren munduko pertsona ospetsuen zerrendan, Donostia saria jasoko dutenez gain, hauek ageri dira: Hirokazu Koreeda, Ken Loach, Darren Aronofsky, Olivier Assayas, Olivier Nakache eta Éric Toledano zuzendariak, eta Ricardo Darín, Juliette Binoche, Eva Green, Kristen Stewart, Gael Garcia Bernal, Javier Bardem eta Laetitia Casta aktoreak.

“La trinchera infinita”, Sail Ofizialean

Sail Ofizialean, “La trinchera infinita” pelikulak, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi “Loreak” eta “Handia” filmen zuzendarien lan berriak, ordezkatuko du euskal zinema, eta bide honetan aurkari izango du, besteak beste, “Mientras dure la guerra” filma, Alejandro Amenabarren esanetara Karra Elejalde Miguel de Unamuno bilbotar idazlearen paperean erakusten duena.

Horiez gain, Sail Ofizialean izango dira James Franco zuzendari eta aktorea, zeinak “Zeroville” filma ekarriko baitu Donostiara, duela bi urte “The Disaster Artist” filmarekin Urrezko Maskorra irabazi eta gero. “Thalasso” ere lehiatuko da atal horretan, Michel Houllebecq, Zinemaldira bertaratuko den idazlea, protagonista duen pelikula.  

Halaber, Maider Fernandez Iriarte donostiarrak New Directors sailean aurkeztuko du “Las letras de Jordi” dokumentala, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean ikusi ahalko dira Izibene Oñederra, Maddi Barber eta Ion de Sosa euskal zinemagileen azken lanak, “Lursaguak”, “Urpean lurra” eta “Leyenda dorada”, hurrenez hurren.

Irailaren 24an, asteartearekin, gainera, Euskal Zinemaren Gala ospatuko dute Zinemaldian, eta “Agur Etxebeste” estreinatu eta Txepe Lara ekoizlea omenduko dute hitzordu horretan. Egun bat geroago, asteazkenean, EiTBk bere urteroko gala egingo du, eta “Una ventana al mar” Miguel Angel Jimenezek zuzendu duen eta aktore protagonista Emma Suarez duen filma estreinakoz ikusi ahalko da bertan.

Zinema politikoa

Zinema politikoak berebiziko tokia hartuko du Zinemaldiaren 67. edizioan. Hain zuzen, Costa-Gavrasek Donostia saria jasoko du irailaren 21ean, eta, egun horretan, “Adults in the room” aurkeztuko du, Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohiaren autobiografian oinarritutako pelikula. Varoufakis Gipuzkoako hiriburuan izatea aurreikusita zegoen, baina azkenean ez da Donostia Sariaren ekitaldira joango.

Gainera, Ken Loach britainiar zinemagilea Perlak sailera itzuliko da, “Sorry, we missed you” langileen baldintzak salatzen dituen film soziala erakuste aldera.