Bitxikeriak -
Goraipamena
Azkoitiko liburutegia munduko hamar ederrenen artean sartu dute
Arkitekturan espezializatua den 'AD' aldizkariak egin du zerrenda, Alemaniako bere edizioan. Aldizkariaren arabera, oso erakargarria da zeren eta lehengo denboretan tren-geltokia baitzen eraikina.
EiTB.EUS | Erredakzioa
Azkoitiko Jaizkibel Udal Liburutegia (Gipuzkoan dago) munduko hamar ederrenetakoa da; hala dio arkitekturan espezializatua den 'AD' aldizkariak, Alemaniako bere edizioan. Ikerketa egin duten adituen iritziz, Azkoitiko liburutegia oso erakargarria da zeren eta eraikina, lehengo denboretan, tren-geltokia baitzen.
Liburutegia izan baino lehen, eraikina Urolako trenaren geltokietako bat zen; geltokia itxi eta urte batzuk geroago, 2006an, liburutegia ireki zuten. Juan Beldarrain arkitektoak diseinatu zuen horretarako proiektua.
Ez da lehen golardoa Jaizkibel liburutegiarentzat; izan ere, 2007an, Espainiako Kultura Arkitektoniko eta Urbanistiko Jasangarriaren Saria jaso zuen.
Azkoitikoarekin batera, zerrendan, besteak beste, Txina, Mexiko, Finlandia eta Ingalaterrako liburutegi batzuk agertzen dira.