Bitxikeriak -
'Found Muji Basque'
Txapelak, saskiak eta pitxerrak, 'made in Japan'
Muji etxerako produktuak egiten Japoniako markak euskal artisautzan inspiratutako bilduma sortu zuen 2015ean eta Oreka TXri euskal kanta tradizionalen bertsio disko bat eskatu zion, dendetan jartzeko.
EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Globalizazioak baditu alde onak, horiek baliatzeko prest dagoenarentzat betiere. Muji etxerako produktuak egiten dituen Japoniako markak munduko txoko ezberdinetako artisautza tradizionalean inspiratutako produktu lerro bat sortu zuen 2003an, eta 12 urte geroago, 2015ean, eskualde berezi batean jarri zuen arreta, "mendebaldean itsasoa du protagonista, barnealdean eta ekialdean, berriz, mendiak": Euskal Herria. Eta hala, sagardotegiak, basque linge delakoa, hurritz egurrez egindako saskiak deskubritu zituzten.
Horrela sortu zuten Found Muji Basque, euskal artisautzan inspiratutako 70 produktu dituen bilduma. Denak ere Japoniarrek maisuki menperatzen duten soiltasunaz kutsatuak. Denetarik dago: pitxerrak, platerak, katiluak, erretiluak, ahozapiak, mahai-zapiak, edalontziak... baita txapelak ere!
Found Muji Basque bildumaren produktuetako batzuk. @Muji
Hiru urte igaro dira ordudanik. Denbora guzti horretan "ikusezin" igaro zaigu bilduma bitxia, harik eta Mikel Reparaz EiTBko lankideak aurkikuntza txundigarria egin zuen Mujik Tokio erdialdean duen denda batean. Bozgorailuetatik zer entzun eta... Santa Agedako koplak, non eta... Japonian.
Haritik tiraka, Luistxo Fernandez kazetari eta CodeSyntaxeko sortzaileetako batek bilduma bitxi hori topatu zuen:
Bada gehiago... gaur jakin dugunez, Muji dendetan entzuten dena Oreka TX taldeak propio sortutako disko bat da. Antza, euskal produktuen lerroarekin batera, dendetan jartzeko musika ere nahi zuten Japoniako multinazional horretako arduradunek, eta txalaparta taldeari egin zioten enkargua.
Igor Otxoa Oreka Tx taldeko kideak Euskadi Irratiari azaldu dionez, Mujik Tokion duten ordezkariarekin hitz egin zuen eta euskal kanta tradizionalen bertsio disko bat eskatu zioten.
Santa Agedako koplak ez ezik, 'Agurra', 'Arku Dantza', 'Ezpatadantza', 'Orhiko Xoria', 'Zazpi Jauzi' eta 'Oi Pello Pello' ere entzun daitezke diskoan.